Ostegunetik larunbatera azoka antikontsumista eta antisexista egingo dute Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko abe. 20a, 21:28

Algortako Gazte Asanbladak, Getxoko Bilgune Feministak, Segik, Sentimiento Animal animalien aldeko erakundeak eta Ez Jaun Ez Jabe talde libertarioak antolatuta, III. Azoka Antikontsumista Antisexista hartuko dute Algortako hainbat tokik (San Nikolas plaza, Villamonte kaleko kultur etxea eta Mentxakabarri gaztetxea), abenduaren 22tik 24ra bitartean. Hain zuzen ere, "Gabonetan ematen den kontsumo masiboaren gorakada salatu eta kontsumo burujabe baten lanketa egiteko" batu dira aipatutako kolektiboak; "baita ikasteko, ondo pasatzeko, elkartrukatzeko eta salatzeko ere!", adierazi dutenez. Horren harira, Uribe Kostako Gazte Asanbladen Kolektiboaren ekimenez, Leioako Artea merkataritza gunera ostiralean egingo den martxan parte hartzera ere deitu dute. Argazkia: Truke azoka ere egingo dute ostiral eta larunbatean.

"Kontsumituko duzun hori behar duzu?, zergatik kontsumituko duzu hori?, zerk bultzatu zaitu hori kontsumitzera?, zer eskaintzen dizu?, badakizu zein den horren jatorria?, zer prozesu jarraitu izan ditu zure esku egon arte: lehengaiak nola, nondik eta nork atera dituen; hori nola, nork eta non izan den landua?, nork ateratzen du etekina?, zein da etekin hori ateratzeko modua?, zer egiten da sortzen dituen soberakinekin?" eta beste hamaika dira Algortako III. Azoka Antikontsumista Antisexista antolatu duten kolektiboetako kideek euren buruei egiten dizkieten galderak. "Hein baten aukeratzeko gaitasuna badugulako", trukearen aldeko apustua egiten dute, kontsumo masiboaren aurrean. Horren isla da, ostiralean eta larunbatean San Nikolas plazan egingo den truke azoka.

Trukea

"Pertsonok gauzak bereganatzen hasi ginenetik, trukearen bitartez lortu izan ditugu hain eskura ez genituen beste batzuk. Dirua ez erabiltzeko bide bat ere bada, honek sortzen duen zirkulutik ateratzeko. Gauzak metatzeko joera daukagu, gaur egun garena baloratzea baino daukaguna baloratu izaten delako", diote Algortako Gazte Asanbladak, Getxoko Bilgune Feministak, Segik, Sentimiento Animal animalien aldeko erakundeak eta Ez Jaun Ez Jabe talde libertarioak. Gauzak horrela, "inoiz erabiltzen ez ditugun milaka gauza horiek" kalera ateratzeko deia egiten diete herritarrei, plazan bertan eta "jendearen arteko komunikazioaren bidez" elkartrukatzeko. "Goazen gauzei erabilgarritasuna ematera!, goazen irudimena lantzera!, komunikatzera!, goazen denok Algortan egongo den azoka antikontsumista eta antisexistara!", azokan parte hartzeko gonbitea luzatu dute.

Egitaraua:

Abenduak 22, osteguna

19:00 Hitzaldi-eztabaidak, 19:00etan Villamonte kaleko kultur etxean.

Abenduak 23, ostirala

12:00-18:00 Truke azoka San Nikolas plazako frontoian: "Erabiltzen ez dituzun gauzak beste pertsona batek erabil ditzakeelako… Pasatu zaitez! Agian bilatzen ari zarena bertan dago-eta!"

Tartean luntxa.

17:00 Jokoak San Nikolas plazan: "Ondo pasatzea kontsumoari lotuta ez doalako..."

- Twister erraldoia.
- Umeentzako malabare tailerra.

"Ez dugulako multinazionalek gure bizitza baldintzatzea nahi…"

18:30 Aiboako metro geltokian, Arteara martxa, "Kontsumoan ere izan burujabe!" lelopean.

20:00 Laburmetraiak eta publizitate sexistaren inguruko dokumentala, Mentxakabarri gaztetxean.

Abenduak 24, larunbata

12:00etatik aurrera eta goiz osoan zehar, San Nikolas plazan:

- Truke azoka.
- Hondakin materialak hartuta, irudimenez gauza erabilgarriak egiteko tailerrak.
- Olentzerori gutuna: "Olentzerori materialak ez diren gauzak eskatzeko momentu paregabea".
- Informazio gune iraunkorra, azoka dirauen bitartean.

Gaiaren inguruko berriak:

Gabonetako "kontsumo masiboa" gaitzesteko, Artea merkataritza gunera egingo dute martxa ostiralean
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun