Aurtengo Getxoko jazzaldiko irabazleen diskoa kaleratu berri dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko abe. 20a, 22:06

Getxoko Kultur Etxeak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, dagoeneko kalean dago 2005eko Getxoko Nazioarteko Jazzaldiko Talde Lehiaketaren irabazlearen diskoa; Felix Fromm Sextet talde alemaniarraren lana, hain zuzen ere. Seikotearen diskoan sei konposizio bildu dira, uztailaren 4an eta 5ean zuzenean grabatutakoak. Lehiaketa irabazteko, taldeak Europa osoko 86 banda artean egindako aukeraketa eta beste hiru taldek osatutako finala gainditu behar izan zituen. Diskoa musika-dendetan salgai dago. Argazkian, Felix Fromm taldeko buru eta tronboi jolea.

Badira 15 urte irabazleen diskoa grabatzen dela, talde gazteei beren lehenengo lana grabatzeko aukera emateko asmotan, kultur iturriek adierazi dutenez. "Horrela, jazzaren munduan beren burua aurkezteko tresna lortzen dute musikari gazteek", azaldu dute. Diskoaz gain, 3.000 euroko saria ere lortzen dute irabazleek, Hoeilaart-eko (Belgika) eta Ibizako jazzaldien talde lehiaketetan parte hartzeko aukera ahaztu gabe. Azken sari hau Getxok jazzaldi bi hauekin duen hitzarmenaren ondorioz sortu zen.

Azken edizioetan gertatu den moduan, talde gazteek erakutsitako mailak epaimahaiaren erabakia zaildu arren, taldekideen elkar ulertzea, instrumentuen arteko oreka eta, bai klasikoak, bai berezko konposizioak jotzeko freskotasuna erabakigarriak izan ziren Felix From Sextet-ek lehenengo postua eskuratzeko. Gainera, seikoteak beste bi sari irabazi zituen: Publikoaren Saria eta Bakarlaririk Onenaren Saria, taldeko piano-jolea den Rainer Böhm-ek jaso zuena.

Felix Fromm Sextet

Seikote honek Alemaniako zenbait musika ikastegitan ikasitako musikariz osatua dago: Rainer Böhm (pianoa), Felix Fromm (tronboia), Florian Trübasch (saxoa), Steffen Weber (saxo tenorea), Arne Huber (kontrabaxua) eta Andy Haberl (bateria). Gazte diren arren, jaialdi askotan jo dute (Montreux, Den Haag, Viersen JazzFestival), irratietan eta jazz klubetan. Gainera, beste talde eta orkestra batzuekin batera jardun dute, eta Maria Schneider, Dave Liebman, Johannes Enders eta Tony Lakatos musikari ospetsuekin ere bai.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun