Olentzerok kaleak zeharkatu baino lehen, ekitaldi ugari izango dira Algorta, Areeta, Getxo eta Itzubaltzeta / Erromon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko abe. 20a, 22:41

Urtero bezala, Getxoko Udalak eta Algortako Olentzaro Batzordeak, Areetako Berantzagi dantza taldeak, Getxoko Itxas Argiak eta Itzubaltzeta / Erromoko Zasi Eskolak ikazkinaren etorrera ospatzeko ekitaldi ugari antolatu dituzte udalerriko punta batetik bestera. Besteak beste, ostiralera arte, Olentzero bana izango da Telletxe (Algorta) eta Xake (Areetan) plazetan, umeen eskutitzak jaso ahal izateko. Aldi berean, aipatu guneetatik kalejirak izango dira, giroa alaitzeko. Bitartean, Getxoko Antzerki Eskolak “Maria Domingi eta Olentzeroa” antzezlana eskainiko die egunotan eskola-ume getxoztarrei. Aipatu obra 1.500 bat haurrek ikustea espero dute Udaletik, "iaz ere ekimen hau oso arrakastatsu izan baitzen", Iñaki Zarraoa alkateak gaurko prentsaurrekoan azaldu duenez. Olentzeroari idazteko eskutitzak eta denborapasen liburuxka bat ere banatuko dute umeen artean.

Aipatu ekimenekon batera, udalerriko batzordeek Olentzerori ongietorria emateko euren ekitaldiak antolatzeari ere ekin diote, urtero legez, eta horretarako Getxoko Udalaren dirulaguntza jaso dute. Zarraoak zehaztu duenez, "ekitaldi guzti horiek aurrera eramateko 15.000 euroko dirulaguntza banatu dugu. Guztiaren aurrekontua 50.000 eurokoa izango da". Alkateak azaldutakoaren arabera, "Olentzero bat antolatu beharrean, auzoz auzo berea antolatzen segitzen dugu, bertoko batzordeek horrela nahiago dutelako, eta Udalak hori errespetatu egiten du”.

Algorta

Ostiralean, abenduak 23, besteak beste,18:00etan Marcel magoa ikusi ahal izango dute neska-mutilek Getxo Antzokian eta ondoren Amaiur taldearen kontzertua izango da San Nikolas plazan, Algortako Olentzaro Batzordearen eskutik. Hurrengo egunean, 12:00etan, “Mari Domingi eta Olentzero” ikuskizuna eskainiko du antzokian Getxoko Antzerki Eskolak. Ordutik aurrera, puzgarriak, jolasak, eta hankapaluak ere izango dira Telletxe plazan. Olentzeroren kalejira, berriz, Benantziotik hasiko da 17:00etan, Villamontetik igaro ondoren, San Nikolas plazan amaitzeko.

Areetan

Berantzagi dantza taldeak larunbaterako antolatutako ekitaldiak 11:00etan hasiko dira Olentzeroren ganeko erakusketa batekin. Ondoren erromeria, “Gabonetako euskal ohitura eta ipuinak” eta bertso saioa izango dira. Arratsaldez, haurrentzako jolasak egongo dira Olentzeroren kalejira aurretik. Ikazkina 19:30ean erreko dute.

Getxo

Geroa Ikastolan, “Mari Domingi eta Olentzero” ikuskizuna eta jaia izango dira ostiralean. Hurrengo egunean, berriz, 17:00etan abiatuko da kalejira probalekutik Malakaten amaitzeko, Itxas Argia dantza taldeak antolatuta.

Itzubaltzeta / Erromo

Azkenik, Itzubaltzeta / Erromon, Zasi Eskola dantza taldeak antolatu ditu abenduaren 24rako ekitaldiak. Ohikoa denez, herri bazkaria izango da eta kalejira 18:45etik aurrera. Dantzen erakustaldia eta Olentzero erretzea, berriz, 19:30ean egingo dituzte.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun