Ibilbidean zehar, Leioako dantza taldeak, Nagusien abesbatza, trikitilariak eta txistulariak arituko dita. Baita bertsolariak ere, hasieran eta amaieran. Honako hau izango da kalejirak jarraituko duen bidea: Elexalde errota, Boulevard, Sabino Arana etorbidea, Luis Bilbao Libano kalea, Euskal Etxeen plaza, Boulevard, Errekalde plaza eta Kultur Leioa.
Antzerki tailerra, ludoteka, eskalada...
Gabon hauetako berrikuntza gisa, antzezlana eskainiko dute 8 eta 12 urte bitarteko neska-mutilek, Getxo eta Barakaldo udalerrietako antzerki eskolek lagunduta. Helburu horrekin, abenduaren 26tik 30era eta urtarrilaren 2an eta 3an egingo dira entseguak, 11:30etik 13:30era. Antzerki saioa, berriz, urtarrilaren 4an izango da, 20:00etan, Kultur Leioako auditorioan.
Egitarauarekin jarraituz, ludoteka izango dute, kultur aretoan, 2 eta 6 urte arteko umeek eta hainbat tailer 6 eta 12 urte artekoek. Aipatu jarduerak urtarrilaren 2tik 5era izango dira, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Tailerretan parte hartzeko, euskeraz zein erderaz, euro bat ordaindu beharko da.
Gazteek ere (12-17 urte) izango dute zertaz gozatu. Horientzako eskaladan trebatzeko ikastaroa antolatu du Sakoneta kiroldegian, Leioako Udal Euskara Zerbitzuak. Beraz, hizkuntza horretan egingo da aipatu jarduera, urtarrilaren 2tik 5era, 10:00etatik 12:00etara. Izen-ematea 5 eurokoa izango da.
Errege Magoak eta aeromodelismoa
Urtarrilaren 5ean, gozokiak banatuko dituzte Leioako kaleetan zehar, Errege Magoek. Kabalgata Sakoneta kiroldegitik abiatuko da 18:00etan, Sabino Arana etorbidea, Luis Bilbao Libano kalea eta Boulevard-a igaro ondoren, Kultur Leioan amaitzeko. Azkenik, egitarauari amaiera emateko, aeromodelismoaren gaineko erakusketa izango da urtarrilaren 8an, Sakonetan, 11:00etatik 14:30era eta 16:30etik 20:30era.