TAO mantentzea erabaki du Sopelako Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko abe. 21a, 22:16

EAJko zinegotzien botoak nahikoak izan ziren atzo Sopelan egindako udal batzarrean, Trafikoa eta Aparkatzea arautzen duen Ordenantzaren gaineko 2006rako tarifa (hilabeteko bi euro / urteko 24 euroko ordainketa bakarra) onartzeko. Gauzak horrela, TAOren aurkako plataformako zein merkatarien ordezkariekin izandako hartu-emanak "amaitutzat" jo ditu Udal Gobernuak. Datorren urteko aurrekontuak aurkezteko emandako prentsaurrekoan, Ricardo Ibarra alkateordeak adierazi duenez, "dagoeneko argi dago bakoitzaren ikuspuntua zein den. Trafikoa eta aparkalekuak arautzeko, topaketetan proposatutako neurrietatik hamalau jaso genituen (erderaz) eta horiek garatzeko konpromisoa hartu dugu Udaletik zein EAJtik; nahiz eta beste alderdien sostengua ez dugun. Hortaz, erabakitzat jo dugu auzia". Horrekin batera, TAOren aurka dauden merkatariak "gero eta gutxiago" direla ziurtatu du zinegotziak. Argazkia: Indarrean sartu zenetik ugariak izan dira TAOren aurkako protestak.

Garraio publiko eta pribatuen gaineko neurrien artean, "beste puntu bat baino ez" da aparkalekuak arautzea, Ricardo Ibarraren hitzetan. "Beharrezkoa dela usteaz gain, positibortzat jotzen ditugu orain arte hartutako neurriak. Are gehiago, horien alde egiten jarraituko dugu", nabarmendu du alkateordeak. Hasieran "hainbat" merkatarik TAOren aurka zeudela onartu du Ibarrak. "Hala ere, gero eta gehiago dira TAOk Sopelari ematen dion biziaz ohartzen ari diren dendariak", nabarmendu du udal ordezkariak, oinezkoen guneak adibidetzat jarriz. "Epe ertainera gehienek ulertuko dute", gaineratu du. Horren harira, "orain arte bezala", merkatariekin hartu-emanak izaten jarraituko dutela adierazi du Imanol Garai alkateak, "beraien lagunak gara" nabarmenduz.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun