2004ko udazkenean, Bizkaieder-Aytasa enpresa taldea aukeratu zuen Leioako udalbatzak, Lamiako-Txopoeta Biziberritu eta Eraberritzeko Plan Nagusia (BEPN) aurrera eramateko. Aurretik, Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorrean (HAPO) aldaketa egin behar izan zuten, HAPOk aipatu egitasmoa beregain hartu zezan. Gauzak horrela, BEPN gauzatzen hasi zen Leioako Udala. Horren barruan, lurzorua erosi, hori bete eta urbanizatu, eta etxebizitzak eraikiko dira. "Aurrikusi bezala, 169 etxebizitza eta 21 merkataritza-lokal botako ditugu, eta bere lekuan babes ofizialekoak eraiki, bertan bizi zirenei etxe berria emateko. Horretaz gain saltzekoak ere egingo dira. Horiei guztiei esker, auzotarren beharrizanak betetzeko bideratutako aparkatzeko toki, berdegune eta lokalak jarri ahal izango ditugu", azaldu du Sainz de la Mazak.
Egokitua, intsonorizatua eta automatizatua
Hain zuzen ere, horrekin lotuta dago gaur zabaldu duten Lamiako-Txopoetako nagusien etxea. Leioztarrek, eta bereziki auzokoek guztiz egokitu, intsonorizatu eta automatizatutako kafetegi / eguneko zentroa (ezindu eta bestelakoentzako komunak, biltokia, barra, 14 mahai eta 56 aulki, 12 lagunentzako butakak dauden telebista ikusteko eremua...) eta gizarte jarduetarako areto balioanitza (eskulangintzarako gela; gimnasio, dantza zein bingoan jolasteko gela; aldagelak eta komunak; Lamiakoko nagusien batzorderako bulegoa) izango dituzte hemendik aurrera. Lehenengo eremuan 213.000 euro (135.000 euro obrak eta 78.000 euro altzariak) gastatu ditu Udalak eta bigarrenean 153.000 euro (131.000 euro obrak eta 22.000 euro altzariak). 366.000 euro guztira. Gainera, 2006rako aurrekontuetan 42.000 euro gehiago bideratu dituzte nagusien etxeko ekipamenduetarako.