Gazteak Mentxakabarritik kanporatzeko exijitu dio Zarraoari Getxoko PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko abe. 23a, 15:51

Mentxakabarriren inguruan Getxoko Udalak egindako dekretuan oinarrituz, gazteak bertatik kanporatzeko exijitu dio Iñaki Zarraoa alkateari Marisa Arrue zinegotzi popularrak. "Eraikin horrek jabeak baditu eta ezin da Getxo bezalako udalerri batean etxebizitzak okupatzen jarrai dezatela utzi. Gainera, San Martin kaleko etxe horren egoera kaskarra ikusita, arriskuan egon daitezke barruan daudenak", adierazi duenez. Mentxakabarriko gazteen osasun egoerarekin "kezkatuta" azaldu da Getxoko PPko bozeramaileak, eta ezbaharren bat gertatzekotan, Zarraoa bera egin du horren "erantzule". Azkenik, "utzikeriaz eta pasibotasunez" jokatzea egotzi dio udal agintariari Arruek, lehen aipatutako dekretua "bete ez dezaten egin duelako". Argazkian, Arrue dekretua eskuan duela, gaurko prentsaurrekoan.

Marisa Arrue Getxoko PPko bozeramaileak ziurtatu duenez, Mentxakabarrin "urratuak izaten ari diren arauak jasotzen dituen 6661/2005 zenbakiko dekretua landu du Getxoko Udalak. Eskuetan eduki du prentsaurrekoan zinegotzi popularrak. Azaldu duenez, "etxe horren okupazioaren nondik norakoak aipatzen dira, nola 20 gazte identifikatuak izan ziren, eraikina eraisteko dagoen arriskuaz ohartarazten dute, obrak egiteko zein jarduera lizentziarik ez dagoela jakitera ematen dute..." eta beste hainbat kontu jasotzen ditu dekretuak.

"Udal arautegia (zarata, ordutegiak...) betetzen den ala ez begiratuko dela, obrak eta hobekuntza lanak bertan behera uztea exijitzen da eta bertan jarduerarik ezin daitekeela egin ere aipatzen ditu", Arruek gaineratu duenez. Jarraian, Algortako Gazte Asanbladak Mentxakabarri ezagutzera gonbidatuz kaleratutako oharra eskuetan hartu eta dekretua "konplitua ez izateko" egitea egotzi dio Iñaki Zarraoa alkateari. "Horretarako hobe da ezertxo ere ez egitea. Getxo udalerrian indar gehien daukanak nahi duen guztia egin dezakeela ematen ari dira ulertzera", tamaldu du zinegotzi popularrak.

Gazteen egoeraz "kezkatuta"

Auzotarren zein Mentxakabarriko jabearen iritzia ere jaso dutela baieztatu du Arruek. "Getxoko Udalak etxe bat okupatzen uzteak kezka sortzen du jendearengan", azaldu duenez. Baina horregatik ez ezik, "eraikinaren egoera kaskarrarengatik oso kezkatuta" omen dago jabea, Getxoko PPko bozeramailearen hitzetan. "Arkitektoa da bera eta, barrura 40 edo 50 lagun sartzen badira, etxeak behera egingo duela baieztatu digu. Horrekin larrituta gaude", argitu du. Arruek ziurtatu duenez, Udalean zein Getxoko Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren bulegoetan salaketan jarri ditu jabeak. Beraz, ezbeharren bat gertatzekotan Zarraoa egin du horren "erantzule".

Bestalde, popularrek gazte getxoztarrek lokalak behar dituztenaren "jakitun" direla baieztatu du Arruek. "Alkatetzan egongo bagina, gazteei biltzeko lokalak emateko lan egingo genuke; baita kultur eta kirol elkarteei ere", gaineratu du. Izan ere, zinegotzi popularraren ustez, "ohizkoa bilakatzen ari da etxeak okupatzea". Oka kalekoa Algortan, Errekaganen Itzubaltzeta / Erromon –Itzubaltzeta gaztetxea– eta Mentxakabarri bera jarri ditu adibidetzat.

Gaiaren inguruko berriak:

Getxoko udaltzaingoen jarrera "larderiatsua" salatu dute Mentxakabarriko gazteek (2005 Abe 23)

"Erradikal talde batek" prentsaurrekoa eragotzi duela salatu du Getxoko PPk (2005 Abe 23)

Mentxakabarriko gazteei ez die kezka handiegirik eragiten Getxoko PPk (2005 Abe 22)

Mentxakabarri gaztetxe aurrean egingo du agerraldia bihar Getxoko PPk (2005 Abe 22)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun