Gazte getxoztar bat atxilotu dute andra bati sexu erasoa egitea leporatuta

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko abe. 23a, 20:56

Getxoko bizilagun bat, 25 urtekoa, Basauriko kartzelan sartu dute gaur askatasun sexualaren aurkako delitu bat burutu zuelakoan. Erasoa Areetako Negubide kalean gertatu zen pasa den abenduaren 1ean, eta andra gazte batek pairatu zuen agresioa. Emakumea ihes egiten lortu bazuen ere, aurretik gaizkileak ikutu lizunak egin zizkion. Getxoko udaltzainek herenegun atxilotu zuten ustezko erasotzailea, I.E.R. izenekoa, antzeko auziengatik aurrekariak dituena, Getxoko Udalak prentsa ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Gertakariak pasa den abenduaren 1ean izan ziren andra gaztea aipatu kalean erasotu zuenean. Aurre egin zion arren, mutilak hormaren aurka ipini zuen eta ikutu lizunak egin zizkion. Azkenik, borroka berri baten ostean neskak alde egitea lortu zuen.

Emakumeak emandako deskribapenari esker, udaltzainek ikerketa hasi zuten eta erasoa gertatu zen lekuaren inguruetan zeuden bideo-zaintzarako kamerek hartutako irudiak baliatuz jakin zuten erasoa zer ordutan gertatu zen. Irudi batzuetan ere ikusten zen neskaren atzetik zihoan gazte bat, emakumeak azaldutako erasotzailearen antza zuena.

Atxiloketa asteazkenean izan zen

Ondoren, udaltzainek erasoa gertatu zen lekua zaindu zuten hainbat egunetan zehar, gaizkilea ingurutik sarri ibiltzen zen pertsona zen ala ez jakiteko. Azkenik, pasa den asteazkenean, hilak 21, 16:00ak aldera, eta Algortako metro geltokia zaindu ondoren, sexu erasotzailearen antz-antza zuen gazte bat bertatik ateratzen zela ikusi zuten. Treneko bidaia-txartela aztertuta sarri gauza bera egiteko ohitura zuela egiaztatu zuten, gainera erasoa gertatu zen lekuan askotan ibiltzen zela jakin zuten, eta horretan oinarrituz atxilotu egin zuten.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun