Dagoeneko zortzi mila getxoztarrek eskatu dute zarama eta igerilekuen tasen igoerak bertan behera uztea

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko abe. 23a, 21:31

Abenduaren 21ean sinadurak biltzeko mahaia jarri zuen Udal Tasen Gehiegizko Igoeren Aurkako Getxoztarrok herri ekimenak Fadurako igerilekuen sarreran. Itxura guztien arabera, igerilekuetara sartzeko aparteko tasa berria urtarriletik kobratzen hasi nahi dute udal agintariek eta horregatik, hain zuzen ere, hurbilduko gara egun hauetan Fadura eta Gobelako kiroldegietara, jendea informatu, eskuorrien bitartez (pdf) kobraketa berriaren aurkako argudioak agertu eta sinadurak biltzeko. Jadanik 8.000 herritarrek sinatu (pdf) dute zarama eta igerilekuen tasen igoerak bertan behera uztea eskatzeko orria. Datorren astean hurrengo sinadura bilduma aurkeztuko da udal erregistroan. Argazkian, Algortako Telletxe plazan egindako sinadura bilketa.

Hona hemen kaleratu dugun esku orri berria:

Tasa igoera lotsagarrien aurkako sinadura bilketa

Zabortegia ixten denerako zarama biltzeagatik kobratzen den tasari ezarri zaion %86ko igoera, eta udal igerilekuetara sartzeko kobratu nahi duten euro bateko tasa berria bertan behera gera daitezen, 7.142 pertsonen sinadurak aurkeztu egin dira jadanik udal erregistroan.

Datorren urteari begira udal batzarrak %4ko igoera onartu du tasa gehienetarako, baina herritarren eskaerari ez diote oraindik jaramonik egin. Herri erantzunari esker oraindik kobratzen ez ari diren arren, zaramaren %86ko igoera eta igerilekuetako euroa ez dituzte ezeztatu.

Udal igerilekuei dagokienez, Fadurako txikia itxita daukate egun gehienetan eta litekeena da tasa berria 2006ko urtarriletik kobratzen hasi nahi izatea. Kobraketa egiteko, makinetan 71.500 euroko gastua egin dute. Pasabide hezeetan kokatuta dauden eta argiindarra darabilten makina hauetan, igeri egin aurretik eta ondoren ere nork bere txartela esku bustiekin sartu beharko du.

Alperrikako gastua eta kobraketaren gehiegikeriarekin batera, argiindarra eta hezetasuna elkartuz igerilekuetako erabiltzaileak arriskuan jarriko dituzte.

Honengatik guztiagatik sinadurak biltzen jarraitzeaz gain, Fadura eta Gobelako igerilekuetako erabiltzaileoi, gune hezeetan kokatuta dauden makinak ez erabiltzeko eta tasa berria ez ordaintzeko deia egiten dizuegu.

Udal tasen gehiegizko igoeren aurkako getxoztarrok hiri hondakinetarako irtenbide garbia nahi dugu eta zerbitzu publikoen izaera soziala indartzeko, herritar guztiontzat eskuragarriak diren prezioak. Parte hartu eta sina ezazu!

Udal Tasen Gehiegizko Igoeren Aurkako Getxoztarrok
e-posta: %86?@euskalerria.org
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun