Fadurako belar artifizialezko hockey zelaia martxorako zaharberrituko dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko abe. 23a, 21:37

Getxoko Udalak 525.000 eurotan esleitu ditu martxoan bukatuko diren Fadurako belar artifizialezko hockey zelaiaren zaharberritze lanak, Iñaki Zarraoa alkateak gaur aditzera eman duenez. Hockey zelaiak dagoeneko 15 urte ditu eta bere egoera txarraren eraginez kirolari asko utzi diote erabiltzeari. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilbao Bizkaia Kutxak lan hauen erdia baino gehiago diruz lagunduko dute, bakoitzak 150.000 euro jarriko dituela, Getxoko Udalarekin sinatutako hitzarmenari jarraituz. Getxo Kirolak erakunde autonomoak bere aldetik, gainontzeko 225.000 euroak ipiniko ditu. Bestalde, Faduran bertan futbol zelaiko aldageletan ere lanak izango dira.

Fadurako belar artifizialezko hockey zelaia duela 15 urte egin zuten, eta gaur egun, oso egoera txarrean dago denboraren beraren eta pilotalekuetan egindako lanen ondorioz. Izan ere, zelaia erabiltzen zuten kirolari askok eta askok Real Club Jolaseta elkarteak, kiroltasunez, utzi dizkien zelaietan prestatu behar dituzte beren entrenamendu saioak.

Iñaki Zarraoaren esanetan, “garrantzitsua da oso, Jolasetan daudenez gain, apartak izanik, udal hockey zelai bat izatea, Getxon kirol horretan jarduten dutenak asko baitira. Gainera, udal kirol instalazioak berritzeko ekintza berria da”.

Orain egingo diren lanekin egungo zelaiko zorua altxatuko dute, nibelatu eta belar artifizial berria ipiniko da; zelai inguruan hesi berria ipiniko da eta argiztapen sistema berria ere, partiduak arratsalde-iluntzetan jokatu ahal izateko. Horrelako lanak amaitzeko epea hiru hilabetetan jarri dute eta, hortaz, Fadurako belar artifizialezko hockey zelai berria datorren martxorako ireki daiteke.

Futbol zelaiko aldageletako lanak

Bestalde, Udal Gobernu Taldeak 18.000 euroko dirulaguntza eman dio Getxo Kirol Taldeari Fadurako futbol zelaiko aldagelak zaharberritzeko lanak egiteko. Taldeak dutxa termostatikoak, apurtu ezin diren ihinztagailuak eta uraren kontsumoa murrizteko denboragailu berriak ipiniko ditu.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun