Goizeko 10ak aldera, SUGAko hamabost bat lagun etxean sartu dira "opariaz gozatzeko". Eraikina maiatzean Ertzaintzak hustutako Igeltsera gaztetxearen aurrean kokatuta dago, Sopelako Udalaren lurretan, nahiz eta Urduliz eta Barrikako mugetatik oso gertu egon. Goizean hasi dira neska-mutilak etxea txukuntzeko lanetan eta lehenengo "bisitei" ere harrera egin diete. Izan ere, Sopelako hiru udaltzain gerturatu dira Elorriaganeraino. Atea zabalik zegoela ikusita, bazter guztiak miatu dituzte eta bertan zeudenei etxe barruan egoteko baimenik zeukaten galdetu diete. Gazteek fitsik esan gabe joan dira tokiko poliziak.
Ehun urte baino gehiago duen etxea bi hilabete pasatxo dabil hutsik gazteek jakin ahal izan dutenez. Lehenago, pertsona batek erabiltzen zuen squater gisa. Era berean, eta etxean topatutako dokumentazioagatik, SUGAkoek uste dute bilbotar batzuen izenean erregistratuta dagoela etxea. Sopela eta Urdulizko 30 bat gaztek egindako lanen eraginez, beheko solairua erabilgarria da une hauetan, eta aretoren batek instalazio elektrikoa konponduta dauka.