Kontseiluak alderdi politikoei gogorarazi die aurrekontuak adostu aurretik hizkuntza politikek diru gehiago behar dutela

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko abe. 27a, 20:38

Euskal Autonomi Erkidegoko aurrekontuak adostu baino lehen, euskarak bultzada ekonomikoa behar duela eta hizkuntza politikorako diru gehiago eskaini behar dutela gogorarazi nahi izan die alderdi politikoei Kontseiluak. "Alderdiek negoziazioetan kontuan izan behar dute hizkuntza-politikan baliabide ekonomiko gehiago behar ditugula", adierazi du Xabier Mendiguren idazkari nagusiak (argazkian, ezkerrean, Iñaki Lasa Kontseiluko ildo politiko instituzionalaren arduradunarekin batera), gaur komunikabideetara igorritako prentsa oharraren arabera. "Eraginkortasun eza" nabarmendu zuen Kontseiluak aurkeztutako aurrekontuak aztertu zituenean. Hori dela eta, Mendiguren kezkatuta azaldu da: "alderdiek ez dute euskararen gaia behar den neurrian defendatu, ez dira jabetu honen garrantziaz", uste du berak. Izan ere, Kontseiluak alderdi politikoei proposatutako zuzenketak plazaratu ditu berriro.

"Ezinbestekoak" uste ditu Kontseiluak zenbait partiden kopuruak sendotzea edota berriak sortzea. Horien artean, Osakidetza eta Ertzaintza euskalduntzeko kopuruak sortzea. "Administrazioa euskalduntzea guztiz funtsezkoa da herritarrari kalitateko zerbitzua eskaintzeko", azaldu du Mendigurenek. Era berean, lan mundua euskalduntzeko ahaleginak egitea eskatu die. Baina "entitate pribatuetan ere euskara-planak garatzeko diru-laguntzak behar dira", diote Kontseilutik.

Orotara, 17 zuzenketa proposatzen ditu Kontseiluak. Hedabideek euskara susta dezaten, diru-laguntzak handitzea eskatu du, "bai dauzkagun euskarazko komunikabideak sendotzeko, bai tokiko telebista euskaraz garatzeko". Bestalde, teknologia berrietan euskararen presentzia bermatu behar dela aldarrikatu du, "hizkuntzaren ondarea digitalizatzea, aisialdiko produktuak ekoiztea eta Interneten bidez zerbitzuak eta edukiak gizarteratzea, besteak beste".

Euskararen normalizazioan aurrera

Era berean, helduen euskalduntze / alfabetatzearen garrantzia azpimarratu dute Kontseiluko arduradunek, "izaera estrategikoa du normalizazio prozesuan". Horregatik, idazkari nagusiaren aburuz, euskal herritarrek doan ikasi behar dute hizkuntza ofiziala den euskara "eta sektoreak pairatu behar dituen lan baldintza eskasak arintzeko ezinbesteko diru kantitatea da eskaturikoa".

Euskalgintzak normalizazioan aurrera egiteko behar duen bultzada ere badela nabarmendu du Mendigurenek. "Gaur egun euskalgintzak bere lana egoki egiteko dituen mugak nabarmenak dira oso", adierazi du. Beraz, euskara sustatzeko, garatzeko, eta normalizazioaren alde eragiteko diru-laguntzak eskatu ditu Kontseiluak. Halaber, euskararen alde motibazio eta sentsibilizazio kanpainak burutzeko diru kopuruak negoziatzeko esan die alderdiei, "herritarrak eragile aktibo bihur daitezen".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun