Algortako Portu Zaharra turistikoki bultzatzeko hirigintza-ideien egitasmoa 24.000 eurotan esleitu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko abe. 27a, 20:59

Getxoko gobernu taldeak 24.360 eurotan esleitu du Algortako Portu Zaharra turistikoki bultzatzeko ideia urbanistiko eta arkitektonikoen egitasmoaren aholkularitza eta laguntzarako kontratua, joan den astean emandako prentsaurrekoan Iñaki Zarraoa Getxoko alkateak ezagutzera eman zuenez. Bertara heltzeko bideak aztertu eta hobetzea da helburu nagusia, goiko aldetik (Aretxondotik) zein beheko aldetik (Ereagatik). Azken kasu horretan, Ereagako hondartzatik Portu Zaharrera doan bidea zabaltzeko proiektuarekin bat egin beharko du proposatuko denak. Halaber, udal agintariak zehaztutakoaren arabera, aipatu gunea “bere horretan” mantentzeko ideiak asmatu, batu eta abiatu nahi da, “lan baimenek eta eraikinak mantentzeko lanek portu baten berezko izaerarekin bat egin dezaten”. Era berean, turismoa bultzatzeko ideiak eta neurriak ezagutu nahi dira; seinaleztapena, gidatutako bisitak edo Portu Zaharreko zabalgunerako planteamenduak tartean.

Zarraoaren ustez, “urrats garrantzitsua da honako egitasmo hau Ereagako inguruak txukun eta egoki utzi aldera”. "Epe laburrera" bertan egiten ari diren lanak (Punta Begoñan, bidaiari itsasontzien kaian, arraun eta bela eskolaren pabilioian, La Terraza etxean...), hondartza eta Portu Zaharra arteko bidea zabaltzekoak eta zabalgunea atontzekoak, alkatearen esanetan, “urrats handia suposatuko dute aisialdia, jolasa eta osteratxoak ahalbidetzen dituen esparru batentzat”.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun