Bilgune Feministaren prentsa-oharra:
Abenduaren 17an Bilboko Euskalduna jauregian ospaturiko Emakume Abertzaleon lll.Topaketa Feministetan 400 emakume baino gehiagok hartu zuten parte. Arratsaldeko zatian berriz 55 eragileetako 100 pertsona inguru gehitu zitzaizkien aurreko emakumeei. Egunean zehar emakumeak gatazkaren konponbidean duten partehartzeaz hausnartzen eta eztabaidatzen aritu ginen Euskal Herriko emakumeok. Beste behin emakumeok gure espazioa aldarrikatzeko bildu ginen.
Mahai inguruetako partaideak oso anitzak izan dira:
Talde politikoen mahai-inguruko partaideak Nekane Alzelai Eusko Alkartasunekoa, Mari Jose Urruzola Alderdi Feministatik, Genma Gonzalez de Txabarri Euzko Alderdi Jeltzaletik, Jone Goirizelaia Batasunakoa, Andrea Uña Ezker Batutik eta Ainhoa Beola Aralarrekoa izan ziren. Bertan argien gelditu zen puntua guztiak emakumearen parte hartzerako eskubidearekin ados egon eta subjektu aktibo bilakatzearen beharra ikusi arren, batak zein besteak haien alderdiaren diskurtso orokorrean zentratuta egin zutela irakurketa hau. Baina, interbentzioak honetan zentratu ziren, ez hainbeste partehartze hau bermatzeko proposatzen dituzten neurri eta mekanismoetan.
Alderdien arteko diferentziak gaindituz emakumeon arteko sare baten beharra azaleratu zuten. Mugimendu feministaren mahaiko partaideak berriz, Josebe Iturrioz (Plazandreok), Larraitz Ugarte (Bilgune Feminista), Begoña Zabala (Emakume Internazionalistak), Xane Kreckelberghen (Hazparneko Emazteek Diote), Marta Brankas (Mujeres de Negro), Silvia Carrizo (Etorkina, Malen etxeako partaidea) izan ziren.
Mahai inguru honetatik atera ziren ondorio nagusiak, emakumearen partehartzea bermatzeko ikuspegi androzentrikoarekin amaitzearen beharra, sexu-genero gatazkaren izaera politikoa aldarrikatzea eta mugimendu feministak eta emakumeak berak izan beharreko papera izan ziren. Emakumeon partehartzea bermatzeko kuotekin nahikoa ez dela, emakumeen eskubideak bermatu behar direla azpimarratu zuten, emakume etorkinena batez ere, zeinak, etorkin izateagatik, zapalkuntza hirukoitza bizi duten: pobre, etorkin eta emakume baitira.
.
Abenduaren 17an emakumeok hartu genuen hitza nazio gatazkaren konponbidean. Jarri dugu lehen harria, emakumeon partehartzea egi bihurtzeko proposamena.
III. Topaketetan lantzen hasitako proposamenaren edukiak hiru ondoriotan laburbil genitzake:
Euskal Herriko mugimendu feminista artikulatu eta konponbiderako sortu behar den prozesu sozialean protagonista polítiko aktiboa bilakatu behar dugu. Zein izan behar den bidea aurrerago aztertuko dugu.
Emakumeok subjektu aktibo bilakatu: ezinbestekotzat jotzen dugu kontzientziazio lana burutu eta emakumeengana heltzeko zubiak eraikitzea. Horretarako bi tresna izango ditugu: Alde batetik OHDtik eta balizko mahai horretatik egin beharreko lana eta bestetik mugimendu feministak bere baitan egin beharrekoa.
Prozesu parekidea izateko proposatutako neurriak ondorengoak dira:
- Hizkuntza ez sexista erabiltzea ezinbestekoa da.
- Edozein mahai edo foro sortuz gero, eragile guztiak ordezkaritza bikoitza izatea eskatuko dugu, emakume bat eta gizon bat.
- Bozeramaileak direnen artean parekidetasuna bermatzea.
- Emakumeon parte hartze errealerako neurriak hartzea.
- Emakumeoi bideratuko mezu zuzenak.
- Emakumeak egunerokotasunean gauden gunetara informazioa zabaltzea.
Larunbatean abiatutako proposamena, egi bihurtuko bada, ezinbestekoa dugu bitartekoen zehaztapena burutzea. Lehen pausu "berme batzorde" baten sortzea delarik. Honen funtzioa oso zehatza izango litzateke, emakumeon parte hartzerako neurri orokorrak praktiko bihurtu eta jarraipena egitea.
Euskal Herriak egun bizi duen gatazkak mila aurpegi eta esparru ditu. Nazio gatazkaz mintzo gara baina gure herrian oraindik bizirik dirauten, diskriminazio sexual eta sozialek ere erantzuna behar dute. Oinarritik, jaiotzean ezarritako sexuagatik jerarkizatua dagoen herri batean aurkitzen gara. Euskal Herri berri bat eraikitzeko bidean, pausu eraginkorrak eman nahi baditugu, ezin dugu gatazka politikoaren dimentsio osoa ahantzi, sexu genero gatazkak bere espazio eta lehentasun politikoen beharra du.
Honetarako tresna garrantzitsua izango dugu Euskal Herrirako Plan Estrategiko Feminista, tresna honen bidez Euskal Herrian parekidetasunaren bidean ezinbesteko tresna izango da eragile aurrerakoientzat emakumeen eskubideak errealki gauzatzeko.
Euskal herriko bilgune feministak azken 4 urtetan bezala bide honetan jarraitzeko konpromiso irmoa geureganatzen dugu.
Gatazkaren konponbidean emakumeon hitza presente egoteko hainbat neurri landu dira egunean zehar guzti hauek hartu, borobildu eta emakume gehiagorekin eztabaidatzeko konpromisoa hartu nahi dugu. Baina ez da gure ardura bakarrik, denok bat egin behar dugu Euskal Herri parekidea sortzeko helburuarekin.
Hirugarren Topaketa hauetan gure elea zabaldu dugu. Bada garaia bakoitza bere esparrutik guztiok batera parekidetasunerako ibilaldian, pausu txiki baina sendoak emateko.
Euskal Herriko Bilgune Feminista