Prentsa oharrak jasotzen duenez, Iñaki Zarraoa “pozik” agertu da egindako gestioarekin “batez ere hurrengo urterako aurrekontuak ondo itxita utzi ditugula”, baina faltan bota du Maidaganen trena lurperatzea: “kontu pertsonala bihurtu da niretzat. Agindu nien auzokideei 2007an egingo zela eta espero dut horrela izango denik, baina hori egi bihurtzea Iñaki Urkizari dagokio orain”.
Aldaketa gehiago
Bestalde, Imanol Landa Udal Gobernu Taldean jarraituko badu ere, ez da datorren urtarrilaren 10etik aurrera Presidentzia Arloko arduraduna izango. Kargu hori Aitor Lafuentek hartuko du. Bestelako ardura aldaketak ez ditu aipatzen prentsa-oharrak.
Berri honek politikagintzan izango duen garrantzia dela eta, egunean zehar Iñaki Zarraoa alkateak prentsaurrekoa emango du Sabin Etxean, Josu Jon Imaz eta Iñigo Urkulluk lagunduta. Ezker Batuari dagokionez, Iñaki Urkizak ez du balorazio ofizialik egingo alkatea izan arte. Era berean, prentsa-oharrak ez du argitzen Eusko Alkartasunaren aldetik jakinarazpenik egingo den.
“Zilarrezko 30 txanponak”
Lehenengo azterketa egin duena Marisa Arrue izan da. Getxoko PPren Udal Taldeko bozeramaileak Urkizaren jokamoldea gaitzetsi du: “hemen daude getxoztarrak saltzeko Ezker Batuak kobratutako zilarrezko 30 txanponak. Hiritar konstituzionalista guztiak baztertzen duen nazionalisten gobernua hasieratik babestu dute, baina ez ideologiagatik, poltronagatik baizik”.
Bestalde, Aitor Lafuentek jokatuko duen paper berriak berpiztu ditzake “No apartheid” leloko protestaldiak. Izan ere, egun Lafuentek erabiltzen duen Udal Batzarreko aulkia Hautes Batzordeak eman zion Espainiako Alderdien Legeari jarraiki egindako banaketan. Getxo Bizia ezker abertzaleko plataformak 2003ko maiatzetik aldarrikatzen du jesarleku hori.
UKBERRI.NETen oharra: goiko testua 2005eko Inuzenteen Eguneko albistea da. Barkatu eragozpenak.