Bizkaiko merkataritzako langileak kalera irtengo dira bihar

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko abe. 28a, 21:11

Bizkaiko merkataritzan lan egiten duten beharginek lan hitzarmena aldarrikatuko dute bihar, abenduak 29, hainbat merkataritzaguneetan arratsaldeko 18:30etik aurrera. ELA, CCOO, UGT, LAB eta USO sindikatuek urtarrilaren 5ean Bizkaiko merkataritzaren alorrean deitu duten grebaren harira egingo da protestaldia. Grebara deitu duten sindikatuek azpimarratzen dutenez, Bizkaiko merkataritzaren langileak urtebete daramate euren hitzarmenak berritu gabe. Gainera, Bizkaiko enpresariak biltzen dituen CEBEK erakundearen jarrera atzerakoia salatu dute. ELA, CCOO, UGT, LAB eta USOk elkarrizketarako borondatea azpimarratu dute, baldin eta helburua arlo honetan lan egiten duten langileen lan baldintzak hobetzea bada.

Protestaldian Bizkaiko merkataritza, arlo orokorra, elikadura, ehungintza, larrugintza, zapatagintza, metalgintza eta altzarigintza arloko langileek parte hartzera deitu dituzte sindikatuek. Guztira, 30.000 soldatapeko langile, autonomoak zenbatu gabe. Soldatapeko beharginen herena behin behineko langilea da.

Sindikatuek "erridikulutzat" jo dute CEBEK erakundearen 2005, 2006 eta 2007rako proposamenean jasotzen diren soldata igoerak eta salatu dute lan ordutegia ez dela murriztuko udako larunbat arratsaldeetan lan egitea onartu eta erretiro sariari uko egin ezean.

Horren aurrean, sindikatuek eskaera bateratua aurkeztu dute 2005 eta 2006rako. Proposamenean KPIz gain ehuneko bi puntuko soldata igoerak, 18 ordu gutxiago urtean zehar, gauez lan egiten dutenei %20ko soldata saria ezartzea eta garraio saria kilometroko 0,2 eurotan finkatzea jasotzen dira.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun