Baina, HAPOn aldaketak egiteko beharrizan legalak alde batera utzita, Getxoko PSE-EEko bozeramailearen ustez, "desegokia da eta getxoztarrenganako errespetu demokratiko falta izugarria suposatzen du lursail horiek ekipamendu publikoetarako izatetik pribatuetarako izendatzeak, Udal Gobernuak bertan zer proiektu egiteko asmoa duten argitu gabe. Bestalde, "sinestezina" iruditzen zaio Almansari, EB bezalako talde politiko ezkertiarrak ekipamendu publikoen "jendartearekiko lotura ezabatu" nahi izatea.
Osoko bilkura
Astearteko udal batzarrean, Getxoko Udalak "bertan ekipamendu publikoa jartzeko asmorik ez" duela argudiatu zuen Iñaki Urkiza Gizarte Zerbitzu, Etxebizitza eta Hirigintzako Plangintza zinegotziak, HAPOn aldaketa egin eta Algortako Portu Zaharreko zabaldegiaren kalifikazioa aldatzeko. "Balizko ekipamendu pribaturen bat jarriko balitz eta diru-galerak egongo balira, Udalak ordaindu beharko lituzke horrela ez egitekotan", azaldu zuen Urkizak, Galeako gotorlekuan, Punta Begoñan eta La Olan igaz gauza bera egin zela adieraziz. Aldaketaren arrazoia "ekonomikotzat" jo zuen.
"Badaezpada" aldatua izateko, HAPO "gauza serioa" dela erantzun zion Iñaki Urkizari Rafael Moreno zinegotzi popularrak. Horretarako "pisuzko arrazoi politikoa" behar dela adierazi zuen Morenok. Hala ere, aitortu zuenez, "bertan ekipamendu publikoa jartzearen alde dago PP –kulturgune balioanitzari buruz– Beraz, aldaketa ez zaigu balio". Luis Almansa sozialisten ordezkaria, berriz, hurrunago joan zen. Kontrakoa esan arren, orube horretarako proiekturen bat eskuartean izatea egotzi zion Udal Gobernuari; antza, prentsan irakurritakoan oinarrituz, akuarioa aipatu zuen berak.