Getxoko kanposantuan 1.620 hezurleku eta 604 horma-hilobi berri egingo dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko abe. 30a, 20:00

Getxoko Udalak hilerria handitzeko proiektua onartu du, 774.000 euroko aurrekontuarekin. Horren bidez, 1.620 hezurtegi eta 604 horma-hilobi berri egingo dituzte. Iñaki Zarraoa alkatearen esanetan, “kanposantuaren zabalera handitu gabe dagoen lekua hobeto erabiltzeko hasiera da” onartutako egitasmoa. Gaur egun, lur emateko tokiak badaude, eta horiek berreskuratu nahi dituzte ehortz-tokiak jartzeko. Horretarako, bertan dauden gizakien hezur eta hondakinak lurpetik atera beharko dira, udal agintariak azaldu duenez. Baina, lehengo eta behin, horiek non utzi egon beharko da. “Batetik, horma-hilobiak sortzea da asmoa, ehorzketak egiten jarraitu ahal izateko. Bestetik, hezurtokiak handitu nahi ditugu aipatutako hondakin horiek sartu ahal izateko”, Zarraoak adierazi duenez. Horren ostean, hilobiak egiteko beste proiektu bat ere jarriko dute martxan.

"Aurreikusitakoaren arabera, 2006ko azken hiruhilekoan amaituko dira lanak", atzoko prentsaurrekoan Zarraoak baieztatu zuenez. Besteak beste, indusketa lanak egingo dituzte kanposantuaren hego-mendebaldean, bi solairu altzatzeko: goikoan sei eraikin egingo dira, hezurtegiak erdian eta horma-hilobiak alboetan, eta beheko solairuan ere hezurtegiak eta horma-hilobak jarriko dituzte. “Egitasmo oso garrantzitsua da. Kanposantuaren atzekaldean orube bat daukagu, beharrezkoa izatekotan, handitze lanetarako. Baina, hori egin baino lehen, dagoena hobeto erabiltzea garrantzitsuagoa iruditzen zaigu”, adierazi zuen alkateak. Helburu hori lortu nahi bada, ezin izango dira panteoiak egin, Zarraoak nabarmendu duenez.

Gogoratzea besterik hilobiak eta hezurtegiak ezin direla erosi, Administrazioak emandako kontzesioak direlako. Errausketei dagokienez, “aukera oso garestia" dela uste du udal agintariak. "Ez du zertan Getxoko Udalaren eskaintzen artean egon behar. Dagoen eskaera ondo baino hobeto betetzen du nahiko hurbil dagoen Deustuko errausgailuak”, azaldu zuen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun