Atzerapenak atzerapen, Galeako pasealekuko lanak urtarrilean amaituko dituztela diote

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko abe. 29a, 22:42

Galeako pasealeku, bidegorri eta galtzadako bigarren zatiko lanak datorren urtarrilean bukatzea espero dute, Getxoko Udala eta enpresa esleipendunaren artean egon diren "interpretazio gatazkak" gainditu ondoren; horiek 6 hilabeteko atzerapena suposatu dute. Lanak bukatzen direnean gaur egun baino jende gehiago ibiliko da bertatik, udal arduradunek diotenez, "egun, lurraldeko pasaleku erabiliena bada ere", Bizkaiko Foru Aldundiaren datuen arabera. "Lan hauen bitartez, oinezkoentzako guneak gehitu, kirola eta osasuna sustatu, eta Getxoko paisaien edertasunaz gozatzeko aukera eman nahi dugu", azaldu du gaur emandako prentsaurrekoan Iñaki Zarraoa alkateak.

Berrikuntza lanak 2003ko apirilean esleitu eta 2005eko uztailean ziren bukatzekoak. “Bi urtetan amaitu behar ziren eta sei hilabeteko atzerapena egon da. Beraz, ez da hainbeste denbora izan", adierazi du Zarraoak. Udal agintariak zehaztu duenez, abuztuan konpondu ziren enpresa esleipendunaren eta Udalaren arteko arazoak eta, bere hitzetan, lanen erritmoa ona izan da azken hilabetetan. "Hori dela eta, urtarrilan bukatzea espero dugu”, gaineratu duenez. Zarraoak aitortu duenez, "egun, pasealekutik Sopelaraino joan nahi dutenei sortzen dizkiete arazoak lanek, ez bertoko auzokideei. Hain zuzen ere, hori zen kezkarik handiena".

Lanen bigarren zati hau, Punta Galeako aparkalekuraino heltzen da, pasealekua Azkorriko ibiltokiarekin lotuz eta, ondoren, Sopelaraino helduz. Aurrekontua 2.200.000 eurokoa izan da. “Ondo erabilitako dirua izan da. Getxoztarrek estimatuko dute, pasalekua nahikotxo erabiltzen dutelako”, gaineratu du alkateak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun