Fadura eta Gobelako igerilekuetara sartzeko euro bateko tasa berria "gehiegikeriatzat" jo dute Udal Tasen Gehiegizko Igoeren Aurkako Getxoztarrok herri ekimeneko kideek; kobraketa egiteko makinetan gastatutakoa –71.500 euro beraien esanetan–, berriz, "alferrikakoa" dela diote. Baina, horretaz gain, aipatu azpiegitura "erabiltzaileentzako arriskutsua" izan daitekeela uste dute. Udal tasen igoeraren aurkakoek azaldu dutenez, "pasabide hezeetan kokatuta dauden eta argindarra darabilten makina hauetan, igeri egin aurretik eta ondoren ere nork bere txartela esku bustiekin sartu beharko du. Argindarra eta hezetasuna elkartuz igerilekuetako erabiltzaileak arriskuan jarriko dituzte". Horregatik guztiagatik, sinadurak biltzen jarraitzeaz gain, "gune hezeetan kokatuta dauden makinak ez erabiltzeko eta tasa berria ez ordaintzeko" dei egin diete Fadura eta Gobelako igerilekuetako erabiltzaileei Udal Tasen Gehiegizko Igoeren Aurkako Getxoztarrek. Gaur goizean udal erregistroak aurkeztutako 1.071 izenpeak kontutan hartuz (argazkian), dagoeneko 8.213 dira zarama tasaren %86ko igoera eta igerilekuetara sartzeko euroa bertan behera uztea eskatu duten getxoztarrek.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!