Gabon zahar egunean Basaurira martxa, triki poteoak eta brindisak egingo dituzte presoen alde

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2005ko abe. 30a, 22:50

Urtero bezala abenduaren 31ean euskal preso politikoei elkartasuna adierazi eta haien eskubideak aldarrikatzeko mobilizazioak egingo dira Euskal Herriko hainbat herri eta auzotan. Besteak beste, Basauriko espetxera egingo dute martxa, Askatasunaren deialdiarekin bat eginez, Uribe Kosta eskualdeko presoen senide eta lagunek. Hain zuzen ere, 10:30ean abiatuko da kotxe karabana, Algortako Fadura kiroldegiko aparkalekutik Bilbondo merkataritza-gunera; Bizkaiko gainontzeko herrietako lagunekin, 12:00etan bertatik abiatzeko Basaurira. Ordu bete beranduago ekitaldi politikoa izango da. Etengabe.org webguneak jakinarazi duenez, Berangon 10:00etan jarri dute ordua, Sabino Arana kaletik Algortara abiatzeko.

Arratsaldean, berriz, ugariak izango dira ekitaldiak. Besteak beste, Berangon, postalak idatziko dizkiete presoei “Presoei idazteko eguna” ospatuz (19:00), enkartelada egingo dute Gudarien enparantzan (20:00) eta azkenik presoei omenaldia eta brindisa egongo dira (20:30). Leioan, berriz, herri brindisa egingo da (19:00), Kurkudi plazan, egunotan errepresaliatuen alde egiten ari diren ekitaldien artean. Eta ondoren herri triki-poteoa egingo da herriko kale-tabernetan zehar. Azkenik, Algortan, triki poteoa egongo da Amnistia tabernatik abiatuta (19:30) eta, brindisa, urtarrilaren 1ean egingo dute, goizaldeko hiruretan, Amnistia tabernan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun