Etxerako ekipamendu informatikoak erosteko %0ko maileguak eskaintzen dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko urt. 2a, 17:36

Hainbat banku eta aurrezki kutxek, tartean Banesto, BBK eta La Caixa, "Etxe konektatuak" programaren bidez, mozkinik gabeko maileguak eskainiko dituzte etxerako ordenagailuak zein banda zabaleko Internet-konexioa eskuratzeko. BBK aurrezki kutxak prentsa-ohar bidez jakinarazi duenez, maileguek ez dute izango ireki, zatika amortizatu eta kitatzeko komisiorik. "Etxe konektatuak" programa Espainiako Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioaren ekimena da, eta esleipen publikoaren bidez Banestok, La Caixak eta BBK bazkidea den Espainiako Aurrezki Kutxen Konfederazioak horretan parte hartzen dute. Ekimenaren helburuak etxeak informazioaren gizartean sartzen laguntzea eta, era horretara, seme-alaben hezkuntzan ere teknologia berriak erabiltzen bultzatzea dira. Argazkian, Martí izeneko haurra "Los Lunnis" ordenagailuan ikusten / Miskah.

Baldintzei dagokienez, bankuek eta aurrezki kutxek inbertsioaren %100era arte finantzatuko dute, 36 hilabetetan bueltatzekoa, eta gehienezko zenbatekoa 1.000 eurokoa izango da, BEZa barne. Familia ugarien kasuan, muga hori 1.200 eurokoa izango da.

Finantzazio berezi hau gurasoek edo tutoreek eskatu ahal izango dute, euren kargura dauden neska-mutilak unibertsitatekoak ez diren ikastetxe publiko edo itunpekoetan matrikulatuta egonez gero.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun