Era honetako ohar okerrak itsasteko proposatzen digu Espainiako Osasun Ministerioak, erretzerik ez dagoen tokietan:
- Euskaraz gaizki lehen: "kerik gabeko guneak errespatzea araua izan da. Kerik gabeko kunea".
- Euskaraz gaizki orain: "kerik gabeko guneak errespatzea araua izango da. Kerik gabeko gunea". Gaizki jarraitzen du "errespatzea" horrek.
- Katalanez ondo orain (valentziera ere azaltzen da hizkuntza zerrendan, baina irudi eta testu bera da).
- Katalanez gaizki lehen.
(irudi hauek Jabi Zabalak bildu ditu Flickr-eko bere kontuan)
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak publiko egin du, prentsa idatzizko iragarkien bidez, ze ohar jarri behar diren EAEko lokaletan. Gaurko Berriaren alean datorren iragarkiak dioenez, Tabakoaren legea betetzeko araudi zehatzago baten zain, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lokal publikoetan oharrak jarri egin behar dira, eta elebidunak behar dute izan, euskaraz eta gazteleraz.
Euskarazko testuak zein izango diren ere zehazten du Jaurlaritzak, eta ez datoz bat Ministerioaren mezuarekin, ezta zuzentzen dutenerako ere:
- Tabako-saltokietan eta tabako-makinetan. DEBEKATUTA DAGO 18 URTETIK BEHERAKOEI TABAKOA SALTZEA. TABAKOA OSO KALTEGARRIA DA OSASUNARENTZAT.
- Erretzea erabat debekatuta dagoen establezimenduetan: ERRETZEA DEBEKATUTA DAGO.
- Erretzea baimentzea erabaki duten 100 metro koadro baino gutxiago dituzten establezimenduetan: HEMEN ERRETZEA DAGO.
- Erretzeko guneak dituzten establezimenduetan, lokalaren atean ERRETZEA DEBEKATUTA DAGO, ERRETZAILEENTZAKO EREMUAN IZAN EZIK eta egokitutako eremuaren sarreran ERRETZAILEENTZAKO EREMUA. LEKU HONETAN EZIN DA SARTU 16 URTETIK BEHERAKO INOR.
Horrez gain, ohar guztiei beste esaldi bat gehitu behar zaie: 28/2005 LEGEA betez.
Berriaren iragarkian oharrak letra larriz datoz eta hala jarri ditugu hemen.