Itzubaltzetako nagusien etxea handiagotuko dute alboan eraikin berria eginez

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko urt. 3a, 12:43

Getxoko Udalak Itzubaltzeta / Erromoko nagusien etxea zaharberritu eta handiagotuko du ondoan beste eraikin bat altxatuz, udal Gizarte Zerbitzuen bulegoak eta egun erakundearen egoitza dagoen etxean dauden beste zerbitzu batzuk bertan kokatzeko. Gobernu taldeak hasi ditu dagoeneko izapideak, lehiaketa irekiaren bitartez, egitasmoaren idazketa agintzeko. Lan horretara 119.000 euro bideratu dituzte. Iñaki Zarraoa Getxoko alkateak azaldutakoaren arabera, 2.000 metro koadro ingurukoa izango da etxe horretan eraikitako azalera, eta Gizarte Zerbitzuen alorreko bulegoak hartuko ditu, 8 gela guztira, "Itzubaltzeta / Erromo eta Areetako herritarrei arreta eskaintzeko". "Gizarte Zerbitzuen lehen mailako arreta zerbitzua deszentralizatzeko proposamena da egin dena, inguru horretako bizilagunak ez daitezen joan udaletxera mota horretako gaien inguruko eskaerak eta osterantzekoak egitera”, udal agintariaren hitzetan. Argazkia: Itzubaltzeta / Erromoko nagusien etxearen alboan dauden Getxoko Udal Euskaltegia eta erakusketa aretoa dauden bezala jarraituko dute.

Horretaz gain, 11 babespeko apartamendu ere izango dira bertan, 35 metro koadrokoa bakoitza, egungo egoitzan daudenen antzekoak. Bestalde, gune irekiagoak jarriko dituzte nagusien etxean, hala nola, batzar aretoa eta 100 lagunentzako erabilera anitzeko aretoa, eta artxibo-gela. Halaber, 20 eta 30 bulego artean egokituko dira Gizarte Zerbitzuekin lankidetzan diharduten elkarteek erabiltzeko, “elkarte hauentzako uneotan Udalak duen eskaintza hobetu aldera”.

Zerbitzuak eta lorategia

Nagusien etxean gaur egun eskaintzen diren zerbitzuetako batzuk eraikin berrian eskainiko dituzte, Zarraoak aurreratu duenez. Hiru tailer, ileapaindegia eta podologia zerbitzua, hemeroteka-liburutegia, gimnasialekua eta zentroko erabilera askotako aretoa, bertan kokatuko dira. Nagusien etxea zaharberritu eta zabaltzeko egitasmoak kanpo aldean dagoen lorategia txikiago egiteko proposamena ere jasotzen du.

Egitasmoaren idazketa datorren udarako egongo da amaituta, Zarraoaren hitzetan, eta hortaz, "urte amaieran has ginezke etxea altxatzen. Lanak 15 bat hilabetetan amaituko lirateke eta 2.750.000 euroko kostua izango lukete.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun