Ostegun honetan, urtarrilak 5, Errege Magoen desfileak berriro ere hartuko ditu Getxo udalerriko kaleak. 18:00etatik aurrera, zortzi karrozek, lau fanfarrek eta fantasiako tren batek hasiko dute bi zati izango dituen ibilbidea: lehenengoa, Getxo eta Algortan zehar; eta bigarrena, Areetan eta Itzubaltzeta / Erromon. Ohi bezala, Errege Magoen karrozak izango dira eta, horiekin batera, beste gai batzuetan oinarritakoak. Karrozetan hiru erregeen morroiak eta mozorrotutako bidaiariak izango dira, kale bazterrean bildutakoei gozokiak botatzeko –bi tona gozoki guztira–. Horietaz gain, 200 pertsona gehiagok (bertoko taldeak, Udaltzaingoa, Gurutze Gorriko kideak, boluntarioak...) parte hartuko dute ikuskizunean.
Getxoko Udalak igorritako prentsa oharraren arabera, desfilearen lehenengo zatia Andra Mari kiroldegian hasiko da eta Getxo zeharkatuko dute karrozek. Maidagan kalea eta Aingeruaren etorbidean barrera ibili ondoren, Algortara igaroko dira, Algortako etorbidea, Telletxe kalea eta, berriz ere, Algortako etorbidean zehar joanda, Kasino plazaren aurrean amaitzeko. Ibilbidearen lehenengo zatia bukatuta, Getxo Antzokira joango dira Errege Magoak, txikitxoenekin egoteko.
19:30ak inguru, desfilearen bigarren zatia hasiko da, Areeta eta Itzubaltzeta / Erromon. Ibilbidea honako hau izango da: Maximo Agirre, Santa Ana, Kale Nagusia (Areeta), Ibaiondo, Ezekiel Agirre, Kresaltxu, Gorbea Mendia eta Gobelaurre (Itzubaltzeta / Erromo). 20:15ean erregeak Andres Isasi musika eskolara joango dira neska-mutilekin egoteko.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.