Urte hauetan guztietan, herri mugimenduak lan eskerga egin du, politika hauen gabeziak salatuz eta aldaketaren beharraren alde borrokatuz. Honek eragin du gaur egun jendartearen gehiengo zabal batek aldaketaren beharra aldarrikatzea. Orain dela urte batzuk gertatzen ez zen moduan, gaur egun gehiengo zabal batek eskolak ez duela euskalduntzen dio eta indarrean diren hizkuntza ereduek ez dutela balio aldarrikatzen du. Gai honen inguruan eztabaida sozial eta politikoa areagotzen ari da.
Aipatu eztabaidak, mugimenduak egitera behartu ditu arduradun politikoak. Honen adierazle dugu Gasteizko Legebiltzarrak irakaskuntza ereduen inguruan hartu berri duen erabakia. 2007an gaur egun indarrean dauden ereduak moldatu beharko dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Urrats garrantzitsu baten aurrean aurki gaitezke. Neurri honetako erabaki batek, beharrezkoa den mailan egotea eskatzen du, arduraz eta erantzukizunez jokatzea eskatzen duena. Izan ere, ezin da une hau alperrik galdu.
Erabaki garrantzitsu baten aurrean gaude
Esan bezala, erabaki garrantzitsu baten aurrean aurkitzen gara, urtetan eragina izan dezakeena. EHEren ustez, urrats garrantzitsua izan daiteke, baina erabakia berandu datorren erabakia dela ezin dugu ahaztu. Errealitatea ezkuta ezina izan zaienean hartu dutelako. Urtetan ereduen politika defendatu dutenek, azkenean euren politika beraren balio eza eta porrota onartu behar izan dituzte. Honekin batera, urte hauetan guztietan hizkuntza eskubideen urraketa onartzea ekarri du honek. Izan ere, eskolak kaltetu dituen herritarren egoeraren erantzule zuzenak dira. Euskararen normalizazioa bera ere trabatua izatea izan da politika hauek eragin duten ondorio larria. Aldaketaren beharra onartu dute eta jada hasiak dira beste zerbaitetan pentsatzen. Baina, nork estali behar du politika okerrak egiteagatik milaka herritarrei egin zaien kaltea?
Ezin dugu onartu une honetan erabaki okerrak hartzea eta egoerak eskatzen duen erantzukizun politikoaz ez jokatzeagatik, hogei urtetan baino gehiagotan gertatu den egoera denbora gehiagoz luzatzea. Ezin dugu onartu hizkuntza eskubideen urraketa sistematikoarekin jarraitzea.
Honen aurrean, EHEk zera aldarrikatzen du:
- Lehenengo eta behin, orain arteko hizkuntza eskubideen urraketa larriarekin amaitu behar da. Eskolak Euskal Herri osoan euskararen ezagutza bermatu behar du, salbuespenik gabe, herritar guztien eskubidea delako.
- Edozein proposamenek errealitate osoari erantzun behar dio. Ezin da zatiketan oinarritutako planteamendu hutsetan geratu.
- Euskal Herrian behar dugun eredu bakarreranzko norabidean kokatu behar da aldaketa. Eredu bakarra eta euskalduna behar dugu. Euskararen ezagutza ziurtatuko duena osotasunean.
- Batzuk hasiak dira iruzurra izan daitezkeen proposamenak egiten eta horretarako arriskua ikusten dugu. Ezin dugu iruzur berririk onartu.
- Alderdi guztiei behar den erantzukizunaz jokatzeko exijitzen diegu. Hizkuntza eskubideak Euskal Herri osoan bermatzeko borondatea eta ardura erakutsi behar dute.
Garai hau klabea da. Eragin sozial eta politikoa handitzeko garaia da. Herritar eta eragile guztiei deia luzatzen diegu eskolak euskaldundu dezan indar handia egin dezaten eta presio bideak lantzeko helburu hori lortzeko. Normalizazio prozesuan urrats garrantzitsuak emateko unean egon gaitezke.
Euskaldunduko duen eskola aldarrikatzeko elkarretaratzea egingo du EHEk ostegunean, hilaren 5ean eguerdiko 12etan Lakuan. Leloa: “eredu bakarra eta euskalduna, iruzur gehiagorik ez”
Euskal Herrian Euskaraz