Sopelako EB-Berdeen ustez, arazoaren irtenbidea ez da "berriro ere udalbatzan bozkatzea", TAO mantendu ala ez erabakiko lukeen erreferenduma egitea baizik. "Horrela adierazten dute bildutako 4.500 sinadurek, TAOren aurkako plataformak deitutako mobilizazioetara joaten diren ehunka sopeloztarrek eta merkatari elkartearen aurkako jarrerak", nabarmendu dutenez. Horrelako gai batean "erabakitzeko ahalmena" izatea aldarrikatzen dute horiek guztiek, Ezker Batuaren esanetan.
Talde federalistak kritikatu duenez, "oztopo nabarmen" batekin jaio zen Udal Gobernuak sustatutako elkarrizketa mahaia: "azken erabakia EAJk gehiengo osoa daukan osoko bilkuran hartzearena", alegia. "Gainera, TAO mantentzea negoziaezina dela ohartarazi dute jada jeltzaleek, ordenantza abian jartzea justifikatzen zuen txosten teknikoa akatsez beteta zegoen arren. Noiz egin zeneko data ez da agertzen, orrialdeak zenbatu gabe daude eta hainbat datu oker daude: Sopelan erroldatutako ibilgailuak 15.449 dira horren arabera, erdira ere heltzen ez direnean", azaldu du Ezker Batuak.
EAJk ez guztiak ados
Azaroaren amaieran deitutako elkarrizketak "etentzat" eman zituen Ricardo Ibarra alkateordeak, ordenantza mantentzea erabaki zen osoko bilkura egin (abenduak 20) eta hurrengo egunean eman zuten prentsaurrekoan. Dena den, lehenagotik ere elkarrizketa mahaia "apurtutzat" jotzen zuten TAOren aurkakoek. Nahiz eta udal arduradunek "topaketetan proposatutako neurrietatik hamalau jaso" zituztela adierazi, "iruzur" egitea leporatu zien TAOren aurkako plataformak.
Horretaz gain, Sopela Aurrera, Ezker Batua, PP, PSE-EE, TAOren aurkako plataforma eta merkatari elkartea akordio batera heldu ziren lehen aipatutako udalbatza ospatu eta lehenago, "erabakia hartzeko jeltzaleen gehiengo osoa nahikoa izango zela argi" zeukaten arren. "EAJ laster botoa eskatu beharko dien herritarren aurka ari da gobernatzen", TAOren aurkakoek diotenez. Izan ere, euren hitzetan, "EAJ da idatzia sinatu ez duen alderdi politiko bakarra. Harrigarria bada ere, elkarrizketa mahaiaren bidez, adostasuna bilatzen ari zirela zioten, eta kanpoan gelditu dira".
Gaiaren inguruko berriak:
Berria atera bitartean, urtarrilean ere izango da baliagarri Sopelako TAO txartela (2005 Abe 29)
TAO mantentzea erabaki du Sopelako Udalak (2005 Abe 21)