Irailaren 22an hasi eta urriaren 20an amaitu zen epaiketaren ebazpenean jasotzen denez, fiskalak eskatutako 208 urteko kartzela zigorra ezarri diote osorik Albaro Arri Pascual "Muni" euskal preso politiko algortarrari, Veguillas teniente jeneralaren eta bi langileren heriotza leporatuta. Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak
Etengabe.org bitakoraren bidez salatu duenez, "epaiak egiaztatutzat jotzen ditu hainbat gauza epaiketan eztabaidatu ez zirenak, besteak beste ekintzan gertatu ziren zaurituak nortzuk izan ziren eta euren zaurien tamaina eta ondorioak nolakoak izan ziren". Arriren abokatuak kasazio helegitea aurkeztuko duela jakinarazu du, "epaiaren fundamentazioa juridikoki hutsala delako". Aurreko epaiketa batean beste 186 urteko zigorra jarri zion algortarrari Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta beste batean hamar urte; 404 urte guztira.