Larrabasterran izandako sexu-eraso baten ustezko egilea atxilotu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko urt. 5a, 18:50

Sopelako udaltzainen laguntzaz, O.M.O. 18 urteko gizonezkoa atxilotu zuten Getxo udalerriko ertzain-etxeko agenteek, sexu-erasoa egitea leporatuta. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak prentsa ohar baten bidez adierazi duenez, abenduaren 31an, goizean, 19 urteko neska Larrabasterrako metro geltokian jaitsi eta, bere etxera zihoala, ustez O.M.O. gaztea inguratu zitzaion eta handik gertu dagoen parte bateko eserlekuetara joatera behartu zuen, eta bertan sexu-erasoa egin zion. Neskak salaketa jarri zuen goiz hartan bertan Negurin, Ertzaintzaren bulegoetan. Kasuaz arduratu ziren ertzainek ikerketa hasi zuten eta O.M.O. sopeloztarra identifikatu zuten sexu-askatasunaren kontrako delitu horren egile bezala, polizi iturriek diotenez.

Prentsa oharrean azaltzen denez, joan den asteartean, urtarrilak 3, Getxoko ikerketa ataleko agenteek, susmagarria Sopelan zegoen ustea zuten, eta haren bila abiatu ziren bertako udaltzainen laguntzarekin. Azkenik, 21:00ak aldera atzeman zuten ustezko erasotzailea bere etxean, Lizarre kalean, eta atxilotu egin zuten. Atzo, asteazkena, epailearen esku geratu zen beharrezko izapide guztiak bukatuta.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun