Aldi baterako ezintasun egoeran dauden langileei soldata osoa ordaindu beharko die Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko urt. 5a, 12:39

UGTk aurkeztutako helegitea aintzat hartuz, Getxoko Udaleko Alkatetzaren 2005eko ekainaren 8ko dekretua baliogabetu berri du Bilboko Lan Arloko 1. zenbakiko Epaitegiak, "Zuzenbidearekin bat ez datorrelako". Aldi baterako ezintasun egoeran zeuden langileek soldata osoa ezin zutela kobratu zioen Iñaki Zarraoa alkateak izenpetutako udal araua. Hain zuzen ere, "aldebakarreko erabakia" zelako bota dute atzera magistratuek, atzo Luis Maria Martinez UGT-Euskadiko Zerbitzu Publikoen Federazioko idazkari nagusiak adierazi zuenez. Epaiaren arabera, "tokiko administrazio horretan orain dela 15 urtetik hona ordaintzen zaie soldataren %100 aldi baterako ezintasuna duten langileei". Gauzak horrela, Getxo udalerriko agintari gorenak emandako dekretua aplikatzeak "nahita egindako eragozpentzak" jotzen du.

Getxoko Udala EAEko Toki eta Foru Administrazioko Langileen Enplegu Baldintzak Arautzen dituen Akordioaren (Arcepafe izenez ezaguna) baitan egon arren, "horrek ez du aldi baterako ezintasun egoeran dauden langileei ordaintzetik salbuesten", epaileak zehazten duenez. Epaitegiak azaldutakoaren arabera, "1993tik dago Arcepafe eta, ordutik hona, soldata osoa ordaindu da beti". "Gauzak horrela, langileek bereganatutako eskubidea urratzen ari da alkatea, epailearen ustez", Martinezek adierazi zuenez.

Epaiketa ugari

Luis Maria Martinez UGT-Euskadiko Zerbitzu Publikoen Federazioko idazkari nagusiaren hitzetan, sindikatuek alkateari emandako beste "zartada" bat gehiago baino ez da oraingokoa. Gogoratu zuenez, 2001ean, "Negoziazio Mahai Orokorrean enpresa-batzordea onartzera behartu zuen Getxoko Udala EAEko Auzitegi Nagusiak, aipatu organo erabakitzalearen osaketa baliogabetu ostean". Epaia bete ez zutenez, 2002ko urriaren 10an, jokabide horrekin amaitzea agintzen zion tokiko erakundeari Lan Arloko 6. zenbakiko Epaitegiak, "diskriminatzailea eta fede onaren aurkakoa zela argudiatuz", Martinezek aipatu zuenez. "Halaber, UGTko eskuorde sindikala depresioak jota bukatzeko arrazoia horixe izan zela ondorioztatzen zuen epaiak eta eragindako kalte moralengatik, horri 3.005 euro ordaintzera behartzen zuen Getxoko Udala", gaineratu zuenez.

Horretaz gain, 2002ko lan-egutegia eta lanpostu eta udal langileen zerrendak baliogabetu zituen EAEko Auzitegi Nagusiak, UGT-Euskadiko Zerbitzu Publikoen Federazioko idazkari nagusiak zehaztu zuenez. Azken urteotan Udalarekin auzitan dabil langile erakundea, "sindikatuek normaltasun osoz jarduteko eta, inor baztertu gabe, negoziazio kolektiboan parte hartzeko eskubideak errespeta daitezen. Baita langileen banakako eskubideak ere".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun