Gutun bakoitzak eduki beharreko ezaugarriei dagokienez, bi orri hartuko ditu gehienez, alde batetik bakarrik idatzita. Paperaren ezaugarriak (kolorea, usaina eta ehundura) norberak aukeratutakoak izango dira. Epaimahaiak, gainera, estiloa, kontaketaren garapena, aurkezpena eta originaltasuna hartuko ditu kontutan eta, eskuz idatzitako lanak badira, kaligrafia ere bai. Logikoa denez, gutunek beste lehiaketa batean saritu gabeak, jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izan beharko dute.
Besteak beste, hiruna kopiatan aurkeztuko dira eta izenburua edo izengoitia soilik eduki beharko dute, egilea identifika dezakeen xehetasunik gabe. Jatorrizkoarekin batera, eta kartazal itxian, egilearen datuak jarriko dira (izena, deiturak, helbidea, jaioteguna, telefonoa eta, posible bada, posta elektronikoa). Kartazalaren kanpoaldean idazlanaren izenburua edo izengoitia eta zein kategoriari dagokion jarriko da. Leioako kultur arduradunek ohartarazi dutenez, aurkezteko baldintzak betetzen ez dituzten lanak atzera botako dira.
Sariak
Kategoria bakoitzeko honako sariak banatuko dira: irabazlearentzat, 250 euro, garaikurra eta diploma; eta bigarrenarentzat, 125 euro, garaikurra eta diploma. Egileek ezin izango dute sari bat gehiago lortu. Gainera, sariak eman gabe gera daitezke, epaimahaiak hala erabakitzen badu, antolatzaileek adierazi dutenez. Gauzak horrela, epaimahaiaren erabakia nahitaez onartu beharrekoa izango da eta beraren iritzia nagusi izango da. Sariak otsailaren 17an banatuko dira, 20:00etan Kultur Leioan. Ekitaldi horretan, saritutako lanak irakurriko dira.
Azkenik, Leioako Udalak lan guztien jabetza bereganatuko du; baita eurak erakutsi, berregin edo argitaratzeko eskubidea ere. Ez da egile eskubiderik eskatzerik izango. Lanak Udalaren kultur ondare izatera ugaroko dira eta ezin izango dira salerosketa gai izan. Lehiaketa honetan parte hartzeak oinarrik oso-osoan onartzen direla esan nahi du.