Uribe Kostako gazteek ere "errepresio guztien gainetik borrokan" jarraituko dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko urt. 9a, 21:46

"Bizkaiko gazteek azken hiru urtetan jasan duten errepresioaren errepaso labur bat" egin zuten, larunbat goizean, Bilboko Unamuno plazan bildutakoek. Uribe Kostan "jazarpen polizial eta judizialaren biktima" izandako neska-mutil zein kolektiboak ere bertan izan ziren: eskualdeko Segi eta Ikasle Abertzaleak (IA) erakundeetako kideak; Koska irratia; Itzubaltzeta eta Ganebarri –Igeltseratik bota zituzten Sopelako eta Urdulizko Gazte Asanbladakoek orain gutxi okupatutako etxea– gaztetxeak; EHUko Leioako campusean LOUren kontrako itxialdian parte hartu zuten ikasleak; eta beste hainbat. Besteak beste, "borrokaren aldeko hautua egiteagatik errepresioaren jopuntuan" daudela baieztatu zuten. Hala ere, horren aurrean, "euren utopiak amets bihurtuz, ametsak proiektu eta propiektuak errealitate eginez borrokan" jarraitzeko deia luzatu zuten. Argazkia: Gaztesarea.net.

Prentsaurrekoan irakurritako idatzia:

Gaur hemen batu garen gazte guztiok eta baita egon ezin duten beste hainbestek gauza bat daukagu amankomunean: guztiok errepresio polizial zein judizialaren biktima gara eta horixe salatzeko batu gara hain zuzen ere.

Azken 3 urteen errepaso arin bat eginez datu izugarriak aurkitzen ditugu Bizkaian gazte mailan: 70 gazte atxilotuak, 64 gazte komisaldegietan inkomunikatuak, 64 gazte ertzaintzak, polizia espainiarrak zein guardia zibilak torturatuak; 116 gazte izan dira epaituak azken 3 urteotan eta oraindik 286 gazte daude epaiketen zain; 798 urtetako zigor eskaerak, 462 urtetako ezpetxe zigorrak ezarriak, 43 gazte espetxeratuak, horietatik 2 adin-txikikoen legepean, 160.050 eurotako isunak... Hauek dira gazte mailan azken 3 urteetan jasandako errepresioaren datu batzuk eta guzti hau muralak margotzeagatik, okupatzeagatik edo gaztetxeen desalojoei aurre egiteagatik, edozein motatako mobilizazioetan parte hartzeagatik, Segiko kide izateagatik, ikurrina bat jartzeagatik, LOUaren aurkako itxialdi batean parte hartzeagatik, Egunkariaren itxiera salatzeagatik, kalea gazteon zein herritarron aldarrikapenetarako erabiltzeagatik, epaiketa batean euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzeagatik, kartelak jartzeagatik... Hainbat eta hainbat gazte ere, inolako frogarik gabe, kale borrokan parte hartu izanaren akusaziopean atxilotuak, torturtuak eta espetxeratuak izan dira; gehienak batazbeste 2 urte kartzelan egon ostean inolako kargurik gabe askatu dituztelarik.

Honetaz gain zenbatezinezko gazte mordoa ere Entzutegi Espainolean aurkeztera behartuak dira, polizia-etxe zein epaitegietan astero sinatzera joatera behartuak. Kalean, etxe azpian edo telefonoz mehatxatuak ere izan dira asko eta ertzaintzak zein udaltzainek jipoituak izan direnak ere badaude. Hainbat gaztek, egunerokotasunean jasan behar dituzte polizia ezberdinen jarraipenak eta mihaketak, kontrolak eta galdeketak. Eta ezin ahaztu ere, egoera jasangaitza dela eta euren herritik alde egitera behartuak izan direnak. Ikasturte hau ere, ildo beretik hasi da: Sorgintxulo gaztetxeko kideen kontrako epaiketa eta 30 urtetik gorako zigor eskaerak, beste 5 gazteren aurka inolako frogarik gabe (torturapean ertzaintzaren komisaldegiko deklarazio polizialak salbu) 110 urteko espetxe-zigorra ezarri du espainiar entzutegiak; beste 26 urteko kartzela zigorra ere beste gazte batentzat... Eta zoritxarrez horrela jarrai genezake amaigabeki: epaiketa gehiago, zigor gehiago, isun gehiago... Egurra baino ez gazteontzat.

Egoera hau baina, ez da kasualidadea. Euskal gazteriak bizi duen zapalkuntzaren aurrean, egoera iraultzeko hautua harturik antolatu eta borrokatzen dugun gazte guztiak errepresioaren jopuntuan gaude: espazio autogestionatu eta askeak bultzatzeagatik, ikasleon eskubideak defendatzeagatik, proiektu politiko baten alde lan egiteko asmoz antolatzeagatik edota euskararen alde egitea bezalako arrazoiak direla medio. Estatuek sistema kapitalista bizirik mantendu nahian, beren makinaria guztia jartzen dute martxan; izen abizenak dituzten botere ekonomikoak, politikoak eta judizialak estrategikoki eta era bateratuan lan egiten dute Estatua eta estatusa defendatzeko eta horretarako gazte inkonformistak ezabatu nahi gaituzte nola edo hala.

Gazte izateak eta eraldaketa sozialean sinisteak bilakatzen gaitu errepresioaren jopuntu, baina hain zuzen hori borrokatzeko antolatzen gara eta bide beretik jarraitzeko asmo osoa dugu. Argi erakutsi du euskal gazteriak errepresioaren antzutasuna eta herri honek bizi duen gatazkaren konponbiderako atarian egon gaitezkeen honetan, askori ahoa hitzez betetzen zaie hurrenari eskakizunak eginez baina inolako distentzio keinurik egin gabe. Aipaturiko datuek gazteon errealitate gordinaren erakusle dira: etenik ez duen errepresioa gazteon aurka.

Historiak irakatsi digu, gazteok kolektibo bat garenaren kontzientzia hartzeak, askatasunerantz eramango gaituela. Horregatik, bizitzako alor guztietan antzematen dugun errepresio integral horrek, beldurtu eta etsitu baino, amorrua handitu eta egoera iraultzeko nahia indartu besterik ez digu egiten. Aske bizitzeko, gure eskubideak borrokaren bitartez defendatzeko eta nahi eta behar dugun euskal gazte herria eraikitzeko borrokan jarraituko dugu. Gazte askez osatutako herri askea ahalbidetuko duen independentziara eramango gaituen borrokan aurrera egiteko deia luzatu nahi diegu euskal gazte guztiei; gure utopiak amets bihurtuz, ametsak proiektu eta propiektuak errealitate eginez. Errepresio ororen gainetik, erasoei tinko erantzunez eta lanean jarraituz, borrokaz aske bizitzeko deia da hau, borrokaz aske biziz, independentzia!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun