Bai, hala da, harrigarria suerta daitekeen arren
Leioako Udalak Olentzeroari zentsura aplikatzen arazorik ez du. Zergatik zentsuratu? Udaleko arduradunen hitzetan “politikoa” omen delakoan. Udaleko Kultura Sailak Eguberrien testuinguruan Olentzero erakusketa antolatu zuen, herriko elkarteek eginiko Olentzeroen erakusketa alegia. Herriko zenbait elkartek parte hartu zuten ekimen honetan, eta berauetako batek egindako Olentzeroa da kultura teknikariak “politikoa” zelakoan erakusketatik kanpo utzitakoa. Olentzero honek euskal preso politikoen sakabanaketa salatu eta gatazkaren konponbidearen parte badirela aldarrikatzen zuen. Politikoa dela? Jakina baietz! Baina gure herrian ematen den errealitatea ere bada, eta errealitate hau ezkutatu nahi izatea, horixe bai badela politikoa, are gehiago, Olentzero honen xedea presoen eskubideak aldarrikatzea izanik honi zentsura aplikatzea ekintza politikoa ez ezik kutsu faxistakoa ere badela esango nuke.