Ustezko irregulartasunak argitzeko eskatu dio Getxoko Udalari EAEko Auzitegi Nagusiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko urt. 10a, 21:23

Azaroaren 21ean popularrek aurkeztutako salaketa aintzat hartuz, ustez 2003ko ekitaldian Getxoko Udalean izandako irregulartasunak argitzeko eskatu dio Iñaki Zarraoa alkateari EAEko Auzitegi Nagusiko Fiskaltzak. Horrela eman du jakitera gaur goizean Marisa Arrue Getxoko PPko bozeramaileak, Eduardo Andrade eta zinegotzi kargua estreinatu berri duen Raquel Gonzalez lagun zituela (argazkian). Gauzak horrela, aipatu urtean "prebarikatzen eta diru publikoa bidegabe erabiltzen egon zitezkeela pentsatzea susmoa baino ez zela argi geratu da" Arrueren iritziz. Halaber, "benetako kezka" agertu du popularren ordezkariak, "alkatea bere susmagarria dela eman diolako hasiera urteari Getxok". "Udalerriarentzat suposatzen duen ospe-galtzea kezkagarria bada; are gehiago Zarraoak herritar guztien poltsikoen kontura ematea egunak auzitegian", gaineratu duenez.

Getxoko PPk azaroaren 21ean aurkeztu zuen "Getxoko Udalak 2003ko agintaldian egindako 40 irregulartasun baino gehiagoen gaineko salaketa" EAEko Auzitegi Nagusiko Fiskaltzan. Horretarako, udal erakundearen urte horretako kudeaketaren gainean, EAEko Kontu Auzitegiak ekainean kaleratutako txostena jarri zuen auzitegiaren eskuetan Marisa Arrue tokiko popularren bozeramaileak. Gaur ere, txosten horretan oinarrituz egindako salaketei eutsi die Getxoko PPko bozeramaileak, udal gobernuari "larderiaz, opakotasunez, adiskidekeriaz eta obskurantismoz" jardutea leporatuz.

Zarraoaren "jauntxokeria"

Arruek adierazi duenez, azaroan salatutakoek "Zarraoaren eta bere gobernu taldearen jauntxokeria erakusten dute". "Horren atzean dagoen alderdi politikoa –EAJri buruz–, berriz, 26 urte daramatza Getxo udalerrian agintzen, horrek sortzen duen lagunkeria eta ustelkeriarekin. Getxoztar guztien etxea batzokia bilakatu dute", gaineratu du. Besteak beste, 225 langile "atzamarrez" hartu izana; "publizitate eta bat-etortze oinarriak ez betez" 1.159.000 euroko inbertsioak kontratatu izana; "udalbatzan edo batzordeetan aurkeztu behar ez izateko", kontratu ugari "partzelatzea"; eta esleitutako hainbat lanen epeak eta aurrekontuak "luzatzea" egotzi zien udal agintariei Getxoko PPk. Horiek gogoratzeaz gain, 226.000 euroko kontratua egin zitzaien abokatu-langelan "gaur egungo lehenengo alkateordea –Imanol Landari buruz–" lan egiten zuela aipatu du Arruek. Auzia 2007ko udal hauteskundean baino lehenago kitatuta egongo dela uste du zinegotzi popularrak, "argibideak eskatzeko azkar ibili baitira". Ustezko irregulartasunak argitzeko eskaera abenduaren 27an bidali zuten EAEko Auzitegi Nagusiko Fiskaltzatik, eta hiru egun beranduago heldu Getxoko Udalera.

Gaiaren inguruko berriak:

Udal gobernua "ahuldu" nahi izatea egotzi dio Getxoko PPri Zarraoak (2005 Aza 21)

Orain bi urte "40 irregulartasun baino gehiago" egitea egotzi dio Udalari Getxoko PPk (2005 Aza 21)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun