EAEko Auzitegi Nagusiak txostena eskatzea "izapide hutsa baino ez" da Getxoko Udalaren ustez

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko urt. 10a, 22:00

EAEko Auzitegi Nagusiko Fiskaltzak 2003ko ekitaldiko ustezko irregulartasunak argitzeko txostena eskatzea "izapide hutsa baino ez" dela adierazteaz gain, urte horretako kudeaketa "garbia" izan zela nabarmendu nahi izan du berriro ere Getxoko Udalak, tokiko popularrek egindako salaketei erantzunez. Alkatetzatik azaldu dutenez, "dagoeneko eskari horri eman beharreko erantzuna prestatzen ari gara, bere egunean EAEko Kontu Auzitegiak egindako gomendioak betetze aldera udal erakundea zer egiten ari den argitzeko". Azaroaren 21ean, Getxoko PPk salaketa jarri zuenean bezala, ondokoa aipatu du Iñaki Zarraoa alkateak: "Espainiako Ministeritza Fiskalaren Kontu Auzitegiak txostena igorri zion urrian EAEkoari, Getxoko Udalaren 2003ko kudeaketan inolako irregulartasunik edo prebarikaziorik ez dutela nabarmendu adieraziz".

"Getxoko Udalaren kontuak oso garbiak dira eta herritar guztiek, PPk barne, azter ditzakete”, adierazi du udal agintariak. Marisa Arrue bozeramaile popularraren ahotik ateratako "prebarikazio eta diru publikoa bidegabe erabili" izanaren salaketak ukatu egin ditu Zarraoak, aipatutakoak "udal gobernua ahultzeko alderdi horrek darabilen estrategia barruan kokatuz".

Gaiaren inguruko berriak:

Ustezko irregulartasunak argitzeko eskatu dio Getxoko Udalari EAEko Auzitegi Nagusiak (2006 Urt 10)

Udal gobernua "ahuldu" nahi izatea egotzi dio Getxoko PPri Zarraoak (2005 Aza 21)

Orain bi urte "40 irregulartasun baino gehiago" egitea egotzi dio Udalari Getxoko PPk (2005 Aza 21)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun