Metroak ia bost milioi bidaia gehiago izan ditu 2005ean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko urt. 11a, 12:58

Metro Bilbaok bidaiari kopuruen erregistroak handitzen jarraitzen du. 2005. urtean urteko errekor berria lortu zuen 77.801.841 bidaia zenbatuta, enpresak jakinarazi duenez. Aurreko urtearekin alderatuta, %6,45eko hazkundea izan du metroak, batez beste eguneko 13.000 bidaia gehiago egin dituela. Beraz, metroa da Euskal Herrian gehien erabiltzen den garraiobide publikoa. Garraio enpresak azpimarratu duenez, 2005. urteak beste datu esanguratsu batzuk utzi ditu, tartean 2004ko San Tomas egunetik gainditu gabe zegoen eguneko bidaia errekorra gainditu egin dela. 2005eko San Tomasen, hain justu, 339.029 bidaia izan ziren. Gainera, 2005eko maiatza hilerik onena izan zen 7,1 milioi bidaiarekin, hots, zazpi milioien muga gainditzen den lehenbiziko aldia. Uribe Kostan Areeta da geltokirik erabiliena 3.800.000 bidaiarekin.

Geltokien sailkapenean, ondoko geltokietako bezero kopurua nabarmendu behar da: Abandok mugimenduen %8,34 sortu ditu, Zazpikalek %8,11, Moyuak %7,61 eta Indautxuk %7,39. Lauren artean 24 milioi bidaia batzen dituzte, ia metroaren sareko bidaia guztien herena. Linea bateratuaz kanpo, Areeta da, 3,8 milioi bidaiarekin, Uribe Kostako geltokirik erabiliena eta Barakaldo, 3,1 milioirekin, Ezkerraldekoa. Sestao eta Etxebarriko geltokiak urtarrilaren 8an ireki ziren eta ia 3 milioi bezero berri erakarri dituzte.

"Ordutegi zabala eta maiztasun handia"

Enpresaren arabera, “2005eko goranzko joerak berretsi egiten du Metro Bilbaok kalitatezko garraioa eskaintzearen alde egin duen apustua, hau da, ordutegi zabala eta maiztasun handia, eta unean uneko egoeretara egoki daitekeena”. Hori egiaztatzeko, Metro Bilbaok iaz egindako iritzi-zundaketa bati egin dio erreferentzia, bezero gehienek “batez besteko nota ona eman diotela metro zerbitzuari” ziurtatuz: “10en gainean 8 puntu baino gehiago eman dizkiote”. Prentsa oharrak ez ditu aipatzen ordutegia zabaltzeko eta maiztasuna ugaltzeko alderdi eta Uribe Kostako udal batzuek egindako eskaerak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun