Getxoko XXX. Nazioarteko Jazz Jaialdia uztailaren 1etik 5era bitartean egingo da Algortako Biotz Alai eta Getxo Antzokiko plazetan. Gauzak horrela, otsailaren 18ra arte, 13:00etan, aukera izango dute izena emateko 2006ko Talde Lehiaketan parte hartu nahi dutenek. Jazz musika interpretatzen duten edozein joera edo estiloko Europako taldeei irekita dago txapelketa eta parte hartzeko adin-muga 30 urtekoa da (aurten beteak). Datu hori izena ematean egiaztatu beharko da. Taldeak bere kalitatea egiaztatzen duen materiala ere aurkeztu beharko du, CD edo zinta batean, kideen argazkiarekin batera. Eskaera guztiak jaso ondoren, Getxo Jazzeko epaimahaiak behin-betiko aukeraketa egingo du martxoan hautagai guztien artean, eta hilabete horretan bertan jakinaraziko du azkenean Talde Lehiaketan parte hartuko duten lauen izenak. Argazkian, Felix Fromm 2005eko seikote irabazlearen buru eta tronboi jolea.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!