Orain arteko balantzea eginez, Maritxu Teilagorriko kideek “oso positibotzat” jo dute 2005. urtea. Izan ere, Leioako Txosna Batzordeak egindako hausnarketak eta dantza, kirol, kultur eta gizarte elkarte ezberdinekin izandako hartu-emanek Maritxu Teilagorriren sorrera ahalbidetu zuten, jai esparruan guztiontzako alkargune bat bultzatzeko asmoz: “Gurea, elkarte edo talde bat baino gehiago, topalekua da, proiektuen bilgune bat, gogo eta borondatez jende oso ezberdina biltzea eta elkarrekin lan egitea posible dela frogatu duen esperientzia herrikoi eta herritarra”.
Jai herrikoien aldeko taldeak txosnagunea kudeatu zuen 2005ean eta “oso pozik” dago emaitzekin: “akelarrea, sardinada, herriko taldeen kontzertuak, antzerkiak, bertso saioak, dantza erakustaldiak, 200 pertsonentzako herri bazkaria, olinpiadak, erakusketak, saharar herriarekin elkartasunezko haima, jai tropikala, txotxongiloak, erromeria, dantza ikastaroak, zanpantzarren kalejira… eta abar luze batek” osatzen dute txosna batzordean erditutako eskaintza zabala. Era berean, gogoan hartu dute herrian ez bezala txosnagunea liskarrik gabeko gunea izan dela eta ekitaldi guztiak bete direla bi izan ezik, bata eguraldiagatik eta bestea ere taldearen eskuetan ez zeuden arrazoiengatik.
Leioztarrei eskerrak
Baina egindako lana bera baino, antolakuntzan eta garapenean “parte harturiko ehunaka eta ehunaka Leioako herritarrek emandako balioa” azpimarratu nahi izan du Maritxu Teilagorrik. Gainera, “herritarrek beraiek ekidin zuten txosnak herritik urrundu eta Lamiakoko hezegunera eramateak” sortu zien “urrats berriak emateko animua eta indarra” gogoratu dute eta hor kokatu dute Bilatek eta Jauregizuriak “aurten aurreko urtean botatako hordagoari jarraiki uda nahiko ez eta gure ekimena urte osora zabaltzearen” erabakia.
Azkenik, herritarrei egitaraua aurkeztu ostean, datozen egunotan Maritxu Teilagorri Udal Gobernuko ordezkariekin bilduko da Leioako jaietako prestakuntzan aurrelanak arintzeko eta hainbat proposamen egiteko, besteak beste, txosnen aurtengo kokapenari buruz. Jai herrikoien aldeko taldeak negoziazioetan iaz bezala jarrera zabala eta irekia izango du.
Maritxu Teilagorri Leioako jai herrikoien aldeko kultur taldea