Saratxagak berak olatu horrek dauzkan berezitasunak azaldu zituen abenduan egindako aurkezpenean: "olatu luzea da, 200 bat metroko ibilbidekoa. Gainera, tamainari ondo eusten dio; hartzen duzunean 4 metro edukira, apurtzen denerarte tamaina berbera mantentzen duen olatua aurkitzea zaila da". 60 metro altuerako itsas-labarreko oinean apurtzen da olatua, Abra badiako eskuinaldean, Bilboko portuaren aurrean. Lurretik hurbiltzea oso zaila denez, olatua hartzeko itsasontziz joatea komeni da, Getxoko Kirol Portutik hiru miliatara egonda.
Lehiaketa berezia eta ikusgarria
Lehiaketako formatoa berezia izango da: sei parte-hartzailek osaturiko bi txanda burutuko dira eta ekitaldiak bi ordu iraungo du: ordu bat txanda bakoitzeko. Ur barruan zein kanpoan egon, parte-hartzaileak izango dira olatu handiena puntuatuko dutenak, baita surflaririk osoena, jaitsiera erradikalena eta 'wipe out' handiena burutzen duena ere. Zonalde horretako ezaugarriak direla eta, antolatzaileak eta surflariak itsasontziz joango dira uretan sartzeko erraztasun handia izan eta olatuak hobeto aztertzeko. Txapelketa labarretik ikusteko aukera izango dute ikusleek, eta hizlari bat izango da.
Sariei dagokienez, 4.100 euro eta Full & Cash etxeko bi surf-taula banatuko dira. Gainera, partaide guztiek 200 euroko saria jasoko dute parte hartzeagatik. Horrela banatu dituzte sariak:
- Olaturik handiena: 1.200 euro + garaikurra + txapela.
- Surflaririk osoena: 600 euro.
- Jaitsiera erradikalena: 400 euro.
- Wite out: 300 euro.