"Ardoaz" bakarrizketa eskainiko du bihar Itzubaltzetan Antzerkiola Imaginarioak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko urt. 12a, 23:04

Antzerkiola Imaginarioaren eta Itzubaltzeta gaztetxearen eskutik "Ardoaz" euskarazko bakarrizketaz gozatu ahal izango da bihar, ostiralean, arratsaldeko 8etatik aurrera. Antzeslan honetan Ignatiusen istorioa kontatzen da, emagaldu batekin maitemintzen den deprabatu baten historia. Neskaren heriotzak Ignatiusen tragedia bere gorenera eramango du, amets alkoholikoetan murgildurik. Ardoaren apologia egitera dator deprabatu mozkorzalea, baina sentimenduak arrapaladan etorriko zaizkio behin eta berriro. "Egiarik handienak undergroundean ezkutaturik daude": esaera horretatik sortu zen "Andergrounden Trilogia", mozkortiak, umeak eta eroak egia esaten dutela adierazteko beste era bat. Trilogiako bigarren zatia da "Ardoaz".

"Ardoaz" Josu Lartategiren testuaren gainean eraikita dago, hainbat erreferentzietan oinarrituta. Horrela, Leopoldo Maria Panero poeta, Charles Bukowski eta "La Conjura de los necios" idatzi zuen J.K. Toolen eragina badu "Ardoaz"ek.

Josu Lartategi gidoilariak sortutako egoera krudela, patetikoa eta obsesiboa 40 minutuz antzeztzeko ardura hartu duena Ander Lipus da. Saioan ikusiko diren argazkiak, berriz, Sonia Aoujilek eginak dira. Sarrerak gaztetxean bertan har daitezke bi eurotan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun