Agenda 21 ekintza plana onartu du Lemoizko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko urt. 16a, 13:43

Lemoizko Udalak iragan den ostegunean, urtarrilak 12, onartu zuen 2020ra arte bere garapen iraunkorrerako iparorratza izango den Agenda 21 ekimenaren tokiko ekintza plana. Planak 57 ekintza zehatzak jasotzen ditu eta Pedro Jesus Botejara alkatearen arabera bere helburu nagusia “2020 urtera arte garapen iraunkorra lortzea da, beti ere ekonomiaren hazkundea eta ingurumenaren garapena elkar lagunduz”. Ekintzarik zailena Atalaya plazaren aldaketa izango dela aurreikusten da. Izan ere, bertan zerbitzu kopurua handitzeko eta lan sorrera bultzatzeko egingo diren hirigintza aldaketak egiteko 4 milioi euro baino gehiagoko inbertsioa egin behar izango da.

Lemoizko Agenda 21ak jasotzen duenez, Atalaya plazaren azpian parking-a eraikiko da eta horretan 1.200.000 euro gastatuko dira. Azpiegitura horretaz baliatuko da Udala plazatik garajeak kentzeko, era horretan Atalayako lonjetan dendak eta merkataritza lokalak sartu ahal izango dituztela. Itxuraldaketa gauzatzeko beste 3 milioi euro gastatuko dira zonaldea urbanizatzen. Pedro Jesus Botejara alkateak onartu zuenez oraindik ez daki zenbat ordaindu behar izango duen Lemoizko Udalak eta zehaztu zuen ekimena “diru-laguntzen bidez ordaintzen saiatuko garela”.

Azpiegituren sorrera

Bestalde, kirol azpiegiturak ere egokituko dira, tartean Armintzako frontoia. Eraikina zabalduko dute bertan gimnasioa, erabilera anitzetarako aretoa eta aldagelak jartzeko. Lan horietan 700.000 euro gastatuko du Udalak, “diru-laguntzetatik etorrarazten saiatuko garela”.

Natura eta paisaia sustatzeko sentiberatze eta hezkuntza programak jarriko dira martxan datozen lau urteotan, 12.000 euroko inbertituko direla. Turismoari begira ere, portuaren zonaldea hondartza gisa onartzea eta Bizkaiko Foru Aldundiak bertan dutxak jartzea lortu nahi du Udalak. Azken ekintza horretan 25.000 euro gastatu beharko lirateke lau urtez.

Arrantzaleak ere kontuan hartu ditu ekintza planak, baina azaltzen diren neurriak ez dute inbertsiorik aurreikusten. Horrela, Lemoizko arrantza arloaren gainbehera gelditzeko Eusko Jaurlaritza eta Eudelekin burutzekoak diren bilerak baino ez ditu aipatzen Udalak Agenda 21en inguruan egindako komunikazio laburpenak.

Hezkuntza zabalagoa

Hezkuntza mailan eskola txikiaren osagarriak izango liratekeen haurtzaindegia eta lehen hezkuntza bultzatuko lituzke Udalak. Ezgaituentzako parking-ak areagotuko dira eta tasatutako salneurrian saltzeko etxebizitzak bultzatuko dira, nahiz eta ekimen hau ez da berria, Urizar auzoan.

Planak hartzen dituen beste gai batzuen artean azpimarratzekoak dira Plentziako metro geltokia eta Lemoiz lotzeko autobus zerbitzu zuzena, garraio publikoaren zerbitzua eta maiztasuna hobetuz; Armintzan eraikiko den hondakin ur-arazketarako planta; eta urbanizatzeko ez den lurrerako ordenantzak berrituko dira.

Ekimena Uribe Kostako Udaltalde 21 Proiektuaren barruan kokatzen da eta Bizkaiko Foru Aldundiak zein Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak laguntzen dute IHOBE erakunde publikoaren bidez. Ekintza Plana garatu baino lehen udalaren diagnostikoa gauzatu zen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun