Promozio berrirako eskaintza 370 plazakoa da: 250, plantillaren handitzerako; eta besteak, azken urteetan Ertzaintzan egon diren hutsuneak betetzeko. Izena eman nahi duten gizonezko eta emakumezkoek urtarrilaren 17tik otsailaren 8ra arteko epea dute. Inprimakiak ertzain-etxeetan; Eusko Jaurlaritzak Bilbo, Donostia eta Gasteizen dituen bulegoetan; Herri Ardularitzaren Euskal Erakundearen egoitzetan eta Arkauteko akademian bertan eskuragarri jarriko dituzte. 18 urte baino gehiago eta 32 baino gutxiago izatea, gutxienez eskola-graduatu titulu akademikoa izatea eta oinarrietan adierazitako baldintza fisikoak gainditzea dira promozioan izena emateko baldintzetako batzuk.
Izena emateko epearen ondoren, onartutakoen zerrenda argitaratuko dute eta hautaketa prozesuari ekingo diote. Hautatze horretan, bi kanporaketa-proba egingo dituzte. Lehenengoan, aurkeztutakoen gaitasun intelektuala, izaera eta gai orokorren inguruan duten jakite-maila aztertuko dituzte. Bigarrenean, aldiz, etorkizuneko ertzainen baldintza fisikoak neurtzeko zenbait ariketa egingo dituzte. Maila hori gaindituta, azken fasean sartuko dira hautagaiak; eta, bertan, hainbat proba psikotekniko egin beharko dituzte.
Informazio-guneak
Eskatutako baldintzen zein hautaketa prozesuaren inguruan zalantzak argitzeko, asteleheneko EAEko agintaritzaren aldizkaria kontsulta daiteke (Interneten ikusgai web gune honetan: www.euskadi.net). Gainera, informazioa eskuragarri dago Herrizaingo Sailaren (www.interior.ejgv.euskadi.net), Ertzaintzaren (www.ertzaintza.net) eta Arkauteko (www.ehpi-appv.net) webguneetan, eta 900 840 088 telefonora deituta.
Astearte honetan, urtarrilak 17, Ertzaintzaren 20. promozioan izena emateko epea irekiko dute. Deialdi horrekin, polizia autonomikoak 8.000 agente gehiago izango ditu, 2004ko irailean Javier Balza Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak eta Jose Antonio Alonso Espainiako Barne ministroak hitzartu zutenari jarraituz. Horretan, 500 ertzain gehiago hartzea erabaki zen, segidako bi fasetan; bakoitzean 250 polizia agente berri. Lehen txanda (19. promozioa) 2005eko irailean sartu zen Arkauteko akademian eta aurten amaituko du trebakuntza epea. Oraingokoa, berriz, 20. promoizoa izango da. Argazkia: