Arratsaldeko zortzietarako deitutako manifestazioarekin bat eginez, ehunaka lagun irten dira kalera Aitor Elortza euskal iheslari politikoaren heriotza deitoratu eta Algortako semea zenaren familiari elkartasuna adierazteko. Ibilbidean zehar, ozen entzun ahal izan dira "errefuxiatuak eta iheslariak Euskal Herrian libre bizitzeko eskubidea" aldarrikatzen zuten oihuak; baita amnistiaren aldekoak ere. Besteak beste, Segi, Karrika gazte konpartsa, Gorrondatxe eta Itzubaltzeta / Erromoko Branka kultur elkarteak, Batasuna, Getxo Bizia herri plataforma, Amnistiaren Aldeko Mugimendua, Koska irratia, Algortako Gazte Asanblada, Euskal Herrian Euskaraz eta Amarratsak kolektiboko kideek parte hartu dute mobilizazioan. Ostiralean ere manifestazioa egongo da Algortan, 20:00etan, Telletxe plazatik abiatuta; eskualde mailakoa, hain zuzen ere.