Munduko Medikuak erakundeak trebakuntza emango die Getxo udalerriko etorkinei

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko urt. 19a, 21:32

Getxoko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, gaixoak eta adinekoak zaindu eta laguntzeko ikastaroa eta osasun sexuala eta ugalketaren ganeko tailerra emango ditu Algortan Munduko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeak, Bizkaian Bizi etorkinen gizarteratze, sustapen eta trebakuntzarako egitasmoaren barruan. Ikastaroa urtarrilaren 22 eta 29an, eta otsailaren 5, 12 eta 19an, igandetan, egingo da, eta tailerra, otsailaren 26an eta martxoaren 5ean, igandetan ere bai. Bata zein bestea, Portu Zaharreko ikastetxea izandakoan egingo dira, Karitate kaleko 10. zenbakian, 16:00etatik 20:00ak arte. Ekimen horietan parte hartzeko interesa duten etorkinek dohainik eman dezakete izena 944 790 322 telefono zenbakiaren bitartez. Argazkian, etorkin talde bat Bizkaiko Zubi pareko plazan.

Ikastaroaren ikasgaiak adinekoen edota gaixoen bizitzako eguneroko jarduerarekin lotuta daude (autonomia eta menpekotasuna), hots, higienea eta nor bere burua atontzea, mugikortasuna, elikadura, gai psikologikoak eta jagolearen trebetasuna, bitartekaritza eta patologia larriak (alzheimerra,...). Iñaki Zarraoa Getxoko alkateak aipatutakoaren arabera, “etorkin asko daude soldata holako lanekin irabazten dutenak. Hortaz, aldez aurretiko trebakuntza garrantzitsua da”. Osasun sexuala eta ugalketaren gaineko tailerran antikontzeptiboak eta sexu-transmisioko gaixotasunak aztertuko dituzte.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun