Getxo udalerria "aitzindaria" izan zen ekimen hau 2001eko maiatzean martxan jarri zuenean, Zarraoak aipatutakoaren arabera. "Harrez geroztik arropak zaharberritzeko ohitura areagotzen ari da, eta horrek ekimen honen helburu bikoitza ahalbidetu du: ingurumenari lotuta, ehun hondakinak gutxitzea horiek berreskuratuz; eta gizarte arloan, lana topatzeko zailtasun handiak dituzten taldeentzako postuak sortzea eta Ekorropa denden bitartez zentzuzko kontsumoa sustatzea", azaldu duenez.
Ekorropa
Berohik arropak konpondu eta berritzeko lantokia dauka Zamudion. Bertatik ateratzen den gehiena kooperatibak dituen zortzi Ekorropa dendetara eramaten da, horien artean Algortako Sarrikobaso kalean dagoenera. 2006an Bizkaian beste bat zabaltzeko asmoa dute. Berohitik nabarmendu dutenez, gero eta gehiago erosten du saltoki horietan jendeak, "kalitate eta salneurri onak dituztelako". "Arropak berme osoa eskaintzen du, bigarren eskuko denda guztiek ez bezala, saldu aurretik ehunki guztiak garbi-garbi eginda uzten dituztelako", gaineratu dutenez.