Tokiko telebista digitala euskalduna izatea eskatu du Kontseiluak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko urt. 23a, 12:42

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak EAEko Gobernuak laster onartuko duen tokiko telebista digitalari buruzko dekretuan euskarak behar duen garrantzia izatea eskatu du. "Euskarazko telebista behar dugu, hizkuntzaren presentzia duina bermatuko duena", adierazi du Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak (argazkian). Komunikabideek gizartean duten eragina kontuan izanda, Kontseiluak kate berrietan euskararen presentzia areagotu behar dela uste du. "EAEn telebista euskaldun bakarrarekin ez da nahikoa, eta Nafarroan egoera okerragoa da ez baitago euskarazko kate propiorik", ohartarazi du Mendigurenek. Zenbait baldintza bete beharrekoak dira Kontseiluaren aburuz, esate baterako, "zonalde bakoitzeko euskaldun proportzioaren araberako euskarazko kate kopurua egon behar du euskarak aurrera egiteko".

Batetik, gainerako kateei beren zonaldeko euskaldunen gehi ia-euskaldunen araberako kuota ezartzea eskatu die Kontseiluko idazkari nagusiak. Kuota kalkulatzeko gune horretako euskaldunen eta ia euskaldunen ehunekoen batura egin behar dela zehaztu du Idazkari Nagusiak, "ia euskaldunak kontuan izan behar dira hizkuntza ulertzen dutelako". Bestetik, euskarazko kate kopurua eta kuota ezartzea esleipenaren hasieratik ezarri behar da Kontseiluaren aburuz, "administrazioak 10 urteko epea eman du baina ez dauka zentzurik legea gizartea baino hamar urte beranduago joateak".

Era berean, estatu mailako telebista kateei deskonexioak egin behar izatea eta horietan euskararen kuotak ezarri beharra azpimarratu du Mendigurenek. "Kuotak ezarri ezean, erdaldun hutsak izaten jarraitzeko arriskua daukagu", salatu du. Bestetik, telebista kate horietan euskaraz ekoiztutako musikaren eta ikus-entzutezkoen presentzia minimoa igotzeko eskaera egin dio Eusko Jaurlaritzari.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun