"Elebitasunaren alderdi onak nabarmentzeko" gida-liburua plazaratu eta mintegia antolatu du Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko urt. 23a, 14:21

Eskolako matrikulazio aldia gain-gainean dagoela eta, Getxoko Udaleko Euskara Zerbitzuak 2 eta 3 urte arteko haurren gurasoei gidaliburu praktikoa banatuko die, "beren seme-alabentzako hizkuntz eredua aukeratzerakoan eduki ditzaketen zalantzak argitzeko asmoz". Helburu berarekin, jardunaldia antolatu dute urtarrilaren 26rako Fadurako Kiroldegian, irakaskuntza elebidunaren aldeko mezua zabaltzeko. “Bi ekimen hauen helburua gurasoen erabakia erraztea da, Euskal Autonomi Erkidegoan ofizialak diren bi hizkuntzetan hezkuntza sustatzearekin batera”, Imanol Landa Presidentzia Arloko zinegotziak adierazi duenaren arabera.

Gidaliburu praktikoak bi adituk, Alma Florek eta Colin Bakerrek Amerikako Estatu Batuetako elkarte hispaniarrentzako argitaratutako beste liburu baten laburpena da. Gida-liburuxka honek formatu oso samurra du, galdera-erantzun erakoa, eskola eremuan ez ezik familiakoan ere, bi hizkuntzak erabiltzerakoan edo eskolako umeek egiten duten lanaren gainean sor litezkeen zalantzak argitu aldera.

Datozen egunetan, Udalak gida-liburuaren 3.500 ale igorriko ditu haurren gurasoen etxeetara. Liburuxka Bizkaiko beste udal batzuekin batera atera da, Bizkaiko Foru Aldundiak eta hamaika tokiko euskara zerbitzuek osatzen duten Alkarbide erakundearen bitartez, hain zuzen.

Mintegia ostegunean

Bestalde, eta ekintza osagarri moduan, Getxoko Udaleko Euskara Zerbitzuak datorren ostegunean, urtarrilak 26, arratsaldeko 18:30etik aurrera mintegia egingo du, hezkuntza elebidunaren "alde positiboak" erakusteko asmoz. “Egoera horren aurrean sor daitezkeen zalantzak eta beldurrak argitzeko balio izatea espero dugu” argitu du Imanol Landak.

Hizlariak honako hauek izango dira: Julio Ibarra kazetari ezaguna, ume elebidunen aitaren esperientzia kontatzeko, Itziar Idiazabal EHUko irakaslea hezkuntza elebidunaren alde onak zeintzuk diren adierazteko eta Iñaki Arruti, Lasarte-Oriako euskara teknikaria honako hitzaldi hau emateko: “Si no sabemos euskara, ¿como podemos ayudar a nuestras hijas e hijos a ser bilingues?”.

Jardunaldiaren bigarren zatian, luntxaz gozatzen den bitartean, gurasoek udalerriko zenbait ikastetxerekin harremanetan jartzeko aukera izango dute, galderak eta zalantzak aurkezteko. Getxoko Udalak jakinarazi duenez, mintegia gaztelera hutsean burutuko da, "batez ere guraso erdaldunei zuzenduta dagoelako". Bestalde, ekitaldiak irauten duen bitartean langile espezializatuk zaindutako haurtzaindegi zerbitzua egongo da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun