Mentxakabarri gaztetxea okupatu zutelakoan 10.818 euroko isuna jar diezaiekete Algortako 5 gazteri

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2006ko urt. 23a, 21:50

Getxoko instrukzioko 2. epaitegian bi orduz deklaratu dute arrats honetan Mentxakabarri etxea okupatu eta bertan gaztetxea eratu izana leporatzen dieten lehenengo bost gazteek. Neska-mutilek ukatu dute haien kontrako salaketa eta gehienek adierazi dute behin baino ez direla hurbildu gaztetxera, Algortan zehar iragarrita zegoen doako bideo emanaldi bat ikustera, iazko abenduaren 3an. Egun horretan, 40 bat pertsona inguratu ziren filma bat ikusteko. Amaieraren ostean batutakoen erdia edo identifikatu zuen Poliziak, tartean gaur deklaratutako 4 kide.

Bosgarren gaztea etxearen jabeak pertsonalki salatu du. Izan ere, ikasleak epaileari aitortu dionez ondo ikusten zuen lan kulturala egiteko espazio bat sortzearena, baina beste gazte batzuek jabearekin tirabirak zirela azaldu ondoren gazteak jabea auzokide zuenez bere burua eskaini zuen bitartekari lanak egiteko. Horrezkero, lanbidez arkitekto den jabeari deitu zion alokairu proposamen bat egiteko, baina arkitektoak ez zuen onartu eta ikasleak utzi zion Mentxakabarritik agertzeari.

Jabeak salatutako etxebizitza usurpazio delituak 6 hilabeteko isuna ekar diezaioke, askoz jota, bakoitzari. Eguneko isun handiena 12,02 eurokoa denez, guztira, 10.818 euro izan litezke bostentzako zigorra. Defentsaren arabera, baliteke epaiketa uztaila baino lehen ez izatea. Era berean, sumarioan beste 13 pertsona agertzen dira, baina adin gabekoak direnez litekeena da laster Bilbon deklaratu behar izatea, Bizkaiko Adin Gabekoen Fiskaltzaren aurrean.

Dokumentazio ugari

Txosten lodikotea da Mentxakabarriko jabe legalak aurkeztutako salaketa. UKBERRI.NETek jakin duenez, espedientean, besteak beste, arkitektoak berak egindako hainbat argazki, tartean fatxada, “Mentxakabarri gaztetxea” leloa idatzita duen kartela edo lorategian egin diren lanak; etxearen ustezko baldintza kaskarrei buruz jabeak berak egindako txosten teknikoak; Iñaki Zarraoa Getxoko alkatearekin, Udaltzaingoarekin eta ertzainekin izandako bileren ondorengoak eta Algortako Gazte Asanbladak auzokideei bidalitako bi gutun bildu ditu arkitektoak.

Bestalde, jarritako salaketan Mentxakabarriko jabeak ukatu du etxea hutsik zegoenik eta argitu du auzokideek erabiltzen zutela bizikletak bertan gordetzeko.

Gaiaren inguruko berriak:

Mentxakabarri gaztetxeko bost lagun epaitegian aurkeztu behar izango dira gaur (2006 Urt 23)

Jasaten ari diren "kriminalizazioa" salatu dute Mentxakabarriko gazteek (2006 Urt 20)

Getxoko Udalak ere jarri die salaketa Mentxakabarriko gazteei (2006 Urt 20)

Mentxakabarriko gazteen kontrako salaketa jarri du Getxoko PPk (2006 Urt 16)

Zarraoaren hitzetan, "PP gezurretan ari da gazteei udaletxean sartzen galarazi ez zaiela dioenean" (2005 Abe 23)

Getxoko PPren prentsaurrekoa "probokaziotzat" jo du Algortako Gazte Asanbladak (2005 Abe 23)

Gazteak Mentxakabarritik kanporatzeko exijitu dio Zarraoari Getxoko PPk (2005 Abe 23)

Getxoko udaltzaingoen jarrera "larderiatsua" salatu dute Mentxakabarriko gazteek (2005 Abe 23)

"Erradikal talde batek" prentsaurrekoa eragotzi duela salatu du Getxoko PPk (2005 Abe 23)

Mentxakabarriko gazteei ez die kezka handiegirik eragiten Getxoko PPk (2005 Abe 22)

Mentxakabarri gaztetxe aurrean egingo du agerraldia bihar Getxoko PPk (2005 Abe 22)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun