Eszenatoki baten gainean aurkez daiteken edozein ekitaldi motak edukiko du beka jasotzeko aukera, oinarrietan eskatzen diren baldintzak betez gero, hau da, euskaraz sortutako egitasmoak izatea, orain arte inon aurkeztu gabeak. Saritutako ekitaldia Korrika Kulturalean txertatuko bada ere, horrek ez du esan nahi ekitaldiaren gaia euskararekin edo Korrikarekin zuzenean lotuta egon behar denik: gaia guztiz librea da.
Proiektuak 2006ko apirilaren 24a eta 28a bitartean aurkeztu behar dira AEK-ko hiriburuetako edozein egoitzatan. Agirien artean, honako hauek aurkeztu behar dira: egileen curriculum laburra, landu nahi den proiektuaren azalpena, lau arlo izango dituena: lanaren nondik norakoa, zein baliabide tekniko erabiliko diren, egilearen ustez zergatik den interesgarria aipatutako lana Korrika Kulturalarentzat, eta ikuskizunak beharko dituen aparteko baldintza teknikoak; eta, amaitzeko, proiektuaren aurrekontua ere aurkeztu beharko da. Epaia ekainaren 29an jakinaraziko da eta irabazleek 2006ko azaroaren 30era arteko epea izango dute bekaren objektu den ikuskizun osoa prest edukitzeko.
Bekaren oinarriak hemen (pdf) eskuratu daitezke, AEKren euskaltegietan zein AEK-k Baionan, Bilbon, Donostian, Iruñan eta Gasteizen dituen bulegoetan.
Helburu ugari
Beka honekin, Korrika Kulturalaren ardatz izango den ekitaldi nagusia ekoitzi nahi du AEK-k. Baina, horrez gaiz, egile berriei euren sormenaren emaitza jende aurrean aurkezteko aukera eman nahi die. Horregatik, lan bat bekatzeaz gain, beste zenbait lani akzesitak emateko aukera jasotzen dituzte Bekaren oinarriek, eta AEK-k aintzat hartuko ditu aurkeztutako lan guztiak bestelako kultur egitarauak antolatzeko orduan.
Korrika-AEK Beka, AEK-k Korrikari esker lortzen dituen diru baliabideen zati bat onura ekonomikorik ez dakarten baina gizarte-onura bilatzen duten ekimenetan inbertitzeko modua izateaz gain, euskarazko arte eszenikoak bultzatu, euskal sortzaile berriei bidea egin, eta Korrika Kulturalean zein bestelako kultur ekimenetan jende aurrean aurkez daitezkeen lanak sortzen laguntzea xede duen ekimena da.
Atzera begira
Lehenengo Korrika-AEK Beka 2003ko Korrika 13ren Korrika Kulturalaren ardatz nagusia izateko asmoarekin jaio zen, baina aurrerantzean Korrika guztietan egiteko esperantzarekin. Asmoa bete eta iaz, Korrika 14rako, II. Korrika-AEK Beka gauzatu zuen AEK-k. Beka eman ezeze akzesita ere eman zuen bigarrenean. Korrika-AEK Bekaren babesean "Metxa", "Euskararen zazpi bekatu nagusiak" eta "Ezekiel" lanek ikusi dute argia.
AEK-k dei egiten die egile guztiei, gazteak zein helduak, eskarmentu handikoak zein euskal kulturaren esparruan euren lekua topatu nahirik dabiltzanak, arlo batekoak edo bestekoak, Korrikak eta AEK-k eskaintzen dieten aukeraz baliatu eta lanari ekin diezaioten. Eta kultur eragile guztiei, egitasmo honen berri euren inguruan eman dezaten.
Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea (AEK)