Aztibegiaren oharra:
Dakizuenez, Azti begia elkarteak Info7 irrati nazionala, herritarra, profesional, aurrerazalea eta elkarlanean oinarrituta, abian jartzeko urrats desberdinak eman ditu eta gaur prentsaurreko honen bidez, beste bi urratsen berri eman nahi dugu.
Zentzu honetan, urrats gehiago eta sendoago eman ahal izateko ere, herritarron laguntza ezinbestekoa da. Herritarron laguntza une honetan bazkidetzaren bidez gauzatu nahi dugu. Horretarako, asteburu honetan ere, urtarrilaren 28an eta 29an, Bazkidetza eguna egingo da 100 herritan gutxi gora behera. Proiektuari eusteko, hilero 7 euro jarriko diren 4.500 bazkide behar dira. Bideragarritasun ekonomikoa lortzeko beharrezkoa denon laguntza.
Info7 irratiak bere lehen programa ostiral honetan egingo du. Urtarrilaren 27an arratsaldeko 19.00etan bere lehen emisioa eginen du. Aste-bukaera honetan emanaldi berezia egingo du, irratia aurkezteko. Ondoren, urtarrilaren 30ean, programazioa hasiko da. Hala ere, hasiera batean, probatan, internetetik entzun ahal izango da, eta bi hilabeteen buruan satelitez zabalduko du seinalea.
Lehen hilabete hauetan probetan ibiliko garela diogu, azken helburua, FMren bidez zabaltzea delako; baina horretarako oraindik bidea egin behar dugu. Behar diren baimenak eskatuko dizkiegu erakundeei, gure ustez, eskubidea baitugu irratiko dialean, normaltasun osoz, aritzeko.
Esan denez, Info7 irratia progresiboki garatu eta osatuko den proiektua da. Zentzu honetan, datozen hileotan bere emisioa interneten bidez entzungo da. Horretarako www.info7.com helbidean aukera desberdinak egongo dira irratia entzun ahal izateko. Prentsaurreko honetan ere Itziarrek lehen etapa honen programazioa azalduko du.
Itziar Arteaga - Info 7ko esataria
Info7 irratiak 3 zutabetan oinarrituko du bere programazioa: informazioa, kolaborazioak eta musika.
Orain azalduko dugun programazioa osatzen eta garatzen joango gara. Beraz, lehenbiziko egunetan hau da entzungo dena.
Hasteko, ostiral honetan bertan lehen biziko saioa egingo dugu eta arratsaldeko 7etan emisioa hasiko da saio berezi baten bidez. Asteburuan zehar programazio berezia egingo da (aurkezpenak kolaboratzaileenak, kuñak irratiaren izaeraz, musika...)
Eta astelehenean goizeko 8etan lehen albistegia izango da. 9etatik 10ak arte Magazina eta bertan informazioa, elkarrizketak eta abar egingo dira.
Orduro informatiboak eguerdiko ordu biak arte. Ordu batean informatibo luzea izango da.
Goizean kolaboratzaileen Talaiatik izeneko tartea irekiko da. Bertan, gizartearen arlo desberdinetako pertsonek beren iritzia edota azalpenak emango dituzte. Denborarekin kolaboratzaile gehiago arituko da.
Ikusten denez, Info7 irratiak ostiralean bere lehengo etapari ekingo dio. Gure asmoa da ahal denean magazinari ordu gehiago ematea, albistegi gehiago egitea (hau da, gaztelaniazko eta frantsesezko albistegi laburrak egitea), kolaboratzaile gehiago izatea... horrela irratia progesiboki osatzen joanez.